Arrasateko Korrika batzordeak abiatu du bere bidea

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 14a

Korrika batzordearen ostean ateratako argazkia, atzo. (Argazkia: Korrika batzordea).

Atzo, martitzena, egin zuten lehen bilera, eta 21 lagun elkartu ziren, herriko hainbat eragiletako ordezkariak zein norbanakoak. Hurrengo bilera hiru aste barru egingo dute, otsailaren 3an, 18:00etan.

21 lagun elkartu ziren Arrasateko Korrika batzordearen lehen bileran, horien artean Bazara, Ekin Emakumeak Elkartea, AED, Arraste Herri Eskola eta Institutua, Emun, Udala, Arizmendi Ikastolako hainbat gune, Fagor, Txatxilipurdi eta AEKko kideak, baita bi gazte ere.

Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egin zuen lehenik Maite Mendizabalek, batzordeko dinamizatzaileak. Horrekin batera, hurrengo bileretan zein ildo landuko dituzten erabaki zuten, hala nola Korrika egunaren antolaketa, Korrika kulturalarena eta Korrikari babes ekonomikoa ematearena –Korrikalagun eta arropa salmentaren bidez–.

Hurrengo bileretarako maiztasuna eta ordua ere zehaztu zituzten. "Hasieran hiru astetik behin eta, Korrika gerturatzen doan heinean, bi astetik behin elkartuko gara, martitzenetan 18:00etan", azaldu du dinamizatzaileak. Lekua oraindik ez dute erabat finkatu, baina seguruenik Loramendi gelan izango da.

Aurten, Korrika azken edizioan baino pare bat ordu beranduago pasatuko da Arrasatetik –martxoaren 28an, 04:00etan–, eta horren gainean hausnartzen ibili ziren atzoko saioan, ea Korrika pasa aurretik ala ostean egin ekintzak. "Izan ere, oso berandu da gaua luzatzeko eta, goizegi, eguna hasteko. Edozelan ere, ginen ondorio garbi batera heldu", dio Mendizabalek.

Korrika Txikia antolatzeko lehen batzordea hiru aste barru egingo dute, otsailaren 3an, 17:00etan, eta ikastetxeetako arduradunak elkartuko dira bilera horretan. Halaber, Korrika Gaztea egitea ere planteatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak