Urtarrilaren 17an egingo duten Zuhaitz Egunean 400 zuhaitz landatuko dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 8a

Herritar batzuk, zuhaitzak aukeratzen, iazko Zuhaitz Egunean, Seber Altube plazan.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, zuhaitz azoka eta zuhaitz landaketa egingo dituzte Arrasateko Udalak antolatutako Zuhaitz Egunean, eta aurten urtarrilaren 17an egingo dute. "Edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan den feria izan da, azken urteetan erreferentzialtasuna irabazi duena", azaldu dute udal ordezkariek.

Urtarrileko hitzordu garrantzitsuenetako bat izan ohi den Zuhaitz Eguna aurkeztu du Arrasateko Udalak, azken urteetan egonkortuz joan dena. Bi arlo izango ditu. Batetik, zuhaitz azoka, 08:00etatik 14:00etara Seber Altube plazan egingo dutena, hileko hirugarren zapatuetan egiten den bertako produktuen azokarekin batera. Honako mintegi hauek hartuko dute parte: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate) eta Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz).

Fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak, eta basoko fruitu txikiak zigilu ekologikoarekin erosi ahal izango dituzte herritarrek eta, gainera, bi zuhaitz-sorta zozketatuko dituzte erosleen artean.

Bestetik, zuhaitz landaketa izango da. "Zuhaitz Egunaren azken urteetako egonkortze horretan, oso lagungarria izan da zuhaitz landaketa herrikoia", nabarmendu du Garazi Etxeberria Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak. "Izan ere, azken urteetan ehunka zuhaitz landatu ditugu Arrasaten, herritarren parte-hartzea eta naturarekiko konpromisoa bilatuz. Gizakiak eragindako aldaketa klimatikoari askotariko esparruetatik eragitea ezinbestekoa da, baita biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik ere. Horregatik, etorkizunera begirako herrigintza ariketa arduratsua da Zuhaitz Egunean egiten den landaketa herrikoia, herrigintzatik egin daitekeenaren erakusle delarik", gaineratu du.

Landaketarako, izena eman behar da

Hala, 400 zuhaitz landatuko dituzte hilaren 17an eta parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira, 10:00etan. Edozelan ere, parte hartzeko, izena eman beharko da, udal webgunean. Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen dute antolatzaileek eta jakinarazi dute landaketa amaitzean hamaiketako txiki bat egongo dela, heldu zein haurrentzat.

Beste urte batez, zuhaitz landaketa Etxezarretan egingo dute eta hektarea bateko azalera prestatu dute horretarako. "Udalak erositako 83 hektareako lursailetik, 63 hektarea gutxi gorabehera pinudia izandakoa zen. Hala, dagoeneko 2,2 hektarea eremu birlandatu dira han", dio Etxeberriak.

Eremu horrek "garrantzi handia" dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta Udalak enkargatuta egindako biodibertsitate azterketak ondorioztatu zuen birsortze naturala "oso ona" dela. "Gune batzuetan harizti kantauriarrari lagundu beharra ere azaltzen zuen azterketak eta, horregatik, azken urteetan haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabal batzuk landatu dituzte".

Aurten, honako espezie hauek landatuko dituzte: 195 haritz (99 Quercus robur eta 96 Quercus petraea), 24 gorosti (Ilex aquifolium), 24 haltz (Alnus glutinosa), 48 urki (Betula celtiberica), 24 lizar (Fraxinus excelsior), 49 arte (Quercus ilex), 24 astigar zuri (Acer pseudoplatanus) eta 12 basagurbe (Sorbus torminalis).

Udalak plan teknikoa landuko du

Era berean, udal-jabetzako basoak modu ordenatu, arduratsu eta iraunkorrean kudeatzeko Basogintza Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa abiatu du Udalak. "Helburua da datozen urteetan basoen kontserbazioa, leheneratzea eta aprobetxamendua modu orekatuan antolatzea, ingurumenaren babesa eta erabilera ekonomikoa bateragarri eginez", dio zinegotziak.

Horren bidez, udal jabetzako baso-eremuak aztertu, egungo egoera baloratu eta hurrengo 20 urteetarako jarduketa-plangintza zehaztuko dute, besteak beste, mozketak, birsorkuntza natural edo artifiziala, eta hobekuntza-lanak planifikatuz. "Plana Arrasateko basoen etorkizuna bermatzeko tresna nagusia izango da, iraunkortasuna ardatz hartuta eta udalaren kudeaketa-ereduarekin bat eginez". Bost hilabete aurreikusten dituzte plana idazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak