Zaletuek etengabe animatu dute Santamasetako pilota partidan

Gontzal Belategi Zubia 2025eko abenduaren 22a

Beste urte batez pilotak protagonismo berezia izan du Santamasetako arratsaldean. Etengabe animatzen ibili diren pilotazalez bete da Uarkape eta aldiro entzun dira txalo, oihu, kantu zein bestelako animo keinuak. Murua-Eskuza eta Jaka-Iztueta bikoteak izan dira partida bakoitzeko irabazleak.

Interes handia piztu du aurtengo Santamasetako pilota partidak. Internet bidez salgai jarri ziren sarrerek hegan egin zuten eta Uarkapeko leihatilan jarri zirenak eskuratzeko berriz, sei orduz luzatu zen ilara bat egon zen frontoiaren aurrealdean. Sarrerak eskuratzeko zailtasunak eraginda edo, pilotazaleak inoiz baino gogotsuago bertaratu dira frontoira, eta etengabeak izan dira pilotariek jasotako animoak.

Serie B-ko lagunartekoa izan da jokatu den lehen partida. Herritarrek ezin beroago hartu dute Ander Murua arrasatearra. Animoek lagunduta, Muruak eta Eskuza atzelari laudiarrak 22 eta 8 irabazi diote Bakaikoa eta Lizeagak osatutako bikoteari.

Plater nagusia bigarren partidarekin etorri da, Jaka-Iztueta eta P.Etxeberria-Rezusta bikoteek jokatutako final laurdenetako ligaxkako partidarekin hain zuzen. Hasi orduko giroa erabat berotuta zegoen pilotalekuan. Pilotariek ez dute hutsik egin eta partida eder bezain estua jokatu dute, zaleen gozamenerako. Etxeberriak alde egin behar izan du une batez, min hartuta, baina, kantxara itzuli denean zaletuek animo bereziak eman dizkiote, bere izena hainbatetan oihukatuta. 18. tantoko atsedenaldian gazte batzuek ‘Faxismoaren aurka! U31 Bilbo’ zioen pankarta atera dute, Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 31n egingo duen mobilizaziora deituz. Atsedenaldiaren ostean ere lehia bizia izan dute bi bikoteek, 21eko berdinketa izan arte. Azkenean, Jaka-Iztueta bikotea nagusitu da 22 eta 21eko emaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak