Santamasetako azokaren ohiturari eutsiz, baina aurten hegaztirik gabe

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 19a

Santamas azoka, iaz.

Santamasetako ezinbesteko osagaia den azoka lau plazatan banatuta egongo da aurten ere: produktu freskoak, gastronomia eta ganadua erdigunean egongo dira. 

Santamasetako eguna berezia da arrasatearrentzat, eta berezi egiten duten osagaien artean ezin daiteke falta urteko azokarik handiena. Neguaren atarian, hotzari eta egunerokotasunari aurre eginez, kalera ateratzeko aitzakia ezin hobea eskaintzen dute santamasek, eta, Komisiñokoek gogora ekarri duten moduan, baserritar jantzita bada, hobeto. Euskal Herriko beste hainbat herriren korrontearen aurka, Arrasaten hilaren 22an ospatuko da festa, astelehena, eta hemen ez dira San Tomasak ospatzen. Santamasak dira, izen eta izaera propioarekin. Urtero legez, azoka 10:00etan zabalduko dute, eta hurbiltzen diren guztientzat prest egongo da, egunotako giroan murgiltzeko gonbidapena eginda.

Lau txoko eta hamaika eskaintza

Aurten ere azokak lau txoko hartuko ditu: Seber Altube, Biteri, Jokin Zaitegi eta Jose Maria Arizmendiarrieta plaza. Seber Altuben fruta, barazki eta baserriko produktu freskoak izango dira protagonista; guztira 14 postu jarriko dira bertan. Biteri plazan, berriz, Euskal Herriko produktu gastronomikoek hartuko dute lekukoa, 53 postutan banatuta: ogia, eztia, gozoak eta beste hainbat zapore, usain eta ekoizleren lana ezagutzeko aukera eskainiko dute. Jokin Zaitegi plazan artisauak elkartuko dira, 10:30etik aurrera, 39 postutan, eskuz egindako produktuak eta sormena erdigunean jartzeko. Azokan buelta bat emateko ibilbidean, ohiturari eutsiz, aurtengo Meri Xendo txerria bisitatzeko aukera ere izango da, Portaloian. Horrez gain, herriko plazan, 10:00etatik aurrera, taloak egiten ariko dira, eta herrian zehar beste bost postutan ere izango da taloa dastatzeko aukera. Azokako hitzorduak begirada atzera bota eta baserritarrak herrira beren produktuak saltzera jaisten ziren egunerokotasuna gogora ekartzen du; iraunkortasuna eta lehen sektorearekiko konpromisoa mahai gainean jarrita horrela.

Aurten hegaztirik ez

Komisiñokoek azaldu dutenez, azken unera arte itxaron behar izan dute aurten ganadu azoka antolatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan abeltzaintza azokak egiteko debekua duela gutxi arte indarrean egon delako, dermatosi nodularra gaitzaren ondorioz. Azkenean, ganadu feria aurrera eramango dute, 20 postu inguru jarriz; dena den, normaltasuna ez da erabatekoa izango, aurten ez baita hegaztirik egongo. Arizmendiarrieta plazan animaliak ez ezik bestelako erakargarriak ere izango dira (Ikus 25. orria). Azoka, beraz, ohituraren, baserriko kulturaren eta herri giroaren erakusleiho nagusi bihurtuko da, beste behin; Arrasateko kale eta plazak bizitasun eta produktuz beteko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak