Bost urte inguru daramatza Velascok ardi-mozte lanetan, eta santamasetan, urteroko erakustaldia egingo du; buru beltzeko sei ardi latx eramango ditu Gorbeiako barietatekoak guztiak, eta ilea moztuko die bi txanda horietan.
Regorigok hipika bat du, eta, zaldi ibilaldiak egiteaz gain, eskolak ere ematen ditu. Ez da bakarrik egongo santamasetan; izan ere, Idoia Morenok lagunduko dio, ile-moztean.
ikustea eta ikastea helburu
Ardi-mozteak garrantzi handia izan du Euskal Herriko abeltzaintzan; ardiei udako beroa hobeto jasaten laguntzeaz gain, artilearen aprobetxamendua ahalbidetzen du. Velascok aipatu duenez, ardi-mozte erakustaldiaren helburua ez da lana azkar batean amaitzea: "Poliki-poliki moztuko diet ardiei ilea, ez da abiadura ikuskizuna. Haurrek eta familiek ardi-moztea bertatik bertara ezagutzea da helburua, eta, horretarako, erritmo lasaian egingo dut lan". Bestetik, ilea neguan moztea aproposa ote den galdetuta, "urte sasoi egokia" dela dio Velascok: "Lehen ez bezala, orain, neguan ere ilea mozteko erabakia hartzen dute artzain askok, eta lan horretan gabiltza azkenaldian. Neguan ukuiluan egoten dira ardi ugari, eta esne hobea ematen dute ilea moztu ondoren. Gero, uda datorrenean, berriro mozten zaie ilea".
Regorigo ere ildo beretik mintzatu da: "Jendea beldurtu egiten da zaldiari apatxean zortzi iltze sartzen dizkiozula ikusten duenean, eta, horregatik, prozesuak minik ematen ez duela azaldu behar zaie herritarrei. Minik ez emateko, puntu estrategikoetan jartzen ditugu iltzeak; sinplea da, baina konplexua, aldi berean". Regorigorenak kirolerako zaldiak dira, eta haiek ferratzea "beharrezkoa" dela esan du elosuarrak, orotariko bideetan minik hartu gabe ibili daitezen. Ile-moztea ere "kirol eta higiene" kontuengatik egiten dutela dio Regorigok: "Zaldiek ere izerditzen dute, eta, ilea moztua, azkarrago lehortzen dira. Gero, manta jartzen diegu, hotzik pasa ez dezaten".
Bi jarduerak, beraz, tokiko abeltzaintzaren ezagutza zabaltzeko aukera paregabea eskaintzen dute.