Urtero legez, lepo beteko da Uarkape pilotalekua binakako partiduez gozatzeko

Ibai Irasuegi Garai 2025eko abenduaren 19a

Ander Murua pilotari arrasatearra, Uarkapen egindako debutean. Irudia: Goiena.

Astelehenean, abenduaren 22an, arratsaldeko seietan hasita, Arrasateko Uarkape Udal Pilotalekuan profesional mailako pilota partiduak izango dira ikusgai, santamasetako ohiturari jarraituz.

Santamas jaietako plater nagusietako bat izaten da pilota partidua, urtero harmailetan sortzen den giroak kiroletik haratago doan jaialdi bilakatu baitu. Azoka eguneko klasikoetako bat da santamasetako pilota partidua, eta, sarrera guztiak agortuta, harmailetatik urteroko giroa espero da astelehenerako: alegia, pilotazaleen kantuek, animoek, txistuek eta oihuek girotutako kirol ikuskizun bat. Binakako norgehiagoka bi jokatuko dira astelehenean, eta bai B serieko partiduan eta bai lehen mailako txapelketa nagusiko partiduan, batak zein besteak bailarako ordezkapena izango du.

Txapelketa nagusiko partiduan Jaka eta Iztueta Etxeberriaren eta Rezustaren kontra ariko dira, eta, B serieko partiduari dagokionez, ez da binakako txapelketako partidua izango. Hala ere, bigarren urtez jarraian, Ander Murua pilotari arrasatearrak jokatuko du jaialdiari hasiera emango dion binakako partidua, eta, Eskuza atzelari laudiarrarekin batera, Bakaikoa eta Lizeaga izango dituzte aurkari.

Binakako partidu bi

A seriekoa final laurdenetako ligaxkako bosgarren jardunaldiko partidua izango da. Bertan, Etxeberriak eta Rezustak ligaxkako lehen partida irabazteko aukera izango dute, haiengandik bi postura dauden Jakaren eta Iztuetaren aurka. Joan den zapatuan Nafarroa Arenan jokatu zuten, eta, partida erdialdean Etxeberria eta Rezusta 8-10 aurreratu baziren ere, ezin izan zuten gaur-gaurkoz sailkapen taulako liderrak diren Laso-Albisu bikotea garaitu.

Aldiz, B serieko partiduari dagokionez, lagunarteko norgehiagoka izango da astelehenekoa; binakako txapelketari atseden emango diote. Horrek, baina, ez du ikuskizunean eragin handirik izango; izan ere, duela urtebete Muruak Uarkapen profesional mailako debuta egin zuenetik, arrasatearrak etxean jokatu duen ia partidu guztietan frontoia lepo bete da hura animatzeko.

Binakakoan bigarren

Hala ere, binakako txapelketan Gabirondorekin jokatzen dihardu arrasatearrak. Dagoeneko ligaxkan jokatu dituzten lau partiduetatik hiru garaipen eskuratu dituzte, eta bihar, zapatua, Donostiako Atano pilotalekuan jokatuko dute bosgarren jardunaldiko partidua Senarren eta Ugartemendiaren kontra.

Joan den domekan Peñaren eta Salaverriren aurka lortutako garaipenari esker, Aspeko bikotea bigarren postuan mantentzen da sailkapen taulan; eta B serieko bikoteetatik tanto gutxien jaso dituena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak