Urtero legez, aurten ere Arrasaten ez da faltako herri kirol erakusketa, eta hilaren 22an, astelehena, Zaldibarko frontoian izango dira lehiatuko diren Julen eta Peio Kañamares, Txomin Amundarain, Uxue Ansorregi, Karmele Gisasola eta Jon Marijuan kirolariak. Erakustaldia bost zatitan banatuko da: hain zuzen, lautan banatuko den gizonezko aizkolarien arteko lehia –egurra kolpe gutxienean mozteko proba, erlojuaren kontrako lehia, egurra zutik ebakitzea eta lan luzea–, euskal emakumezkoen pentatloia –harri-bola altxatzea, aizkora, txingak eta korrika–, harri desberdinekin egingo den jasotzea, motozerrarekin moztu beharko diren tailuak, eta erakustaldi amaieran egingo den trontza herrikoia.
2018an santamas eguneko herri kirol erakustaldira joan zen Karmele Gisasola herri kiroletako erreferente mallabitarra lehen aldiz. Orduz geroztik, agendan gorriz markatutako egun bat da abenduaren 22a, eta ia urtero parte hartu du santamasetako herri kirol erakustaldietan. Aurtengoan ere parte hartuko du Gisasolak, eta, azaldu duenez, herritarrek giro bikaina jartzen duten egun bat izan ohi da. "Guk, normalean, San Tomas egunean txapelketa bat izaten dugu, eta hurrengo egunaren jarraipena izaten da Arrasatekoa. Polita da; izan ere, orain arte egondako urteetan frontoia lepo bete izan da beti".
Santamas egunean ikusmin handia pizten dute herri kirol erakustaldiek, eta, erakustaldi "politak" egiteko, jendeak jartzen duen giroak kirolariak gehiago motibatzen dituela nabarmendu du Gisasolak: "Adin guztietako jendea baserritar jantzita eta animatzen egoten da urtero. Guk, kirolariok, asko igartzen dugu bultzada hori, eta, horrelakoetan, beti saiatzen gara maila altuena erakusten".
Herritarrak, ikuskizunaren parte
Kirolarien erakusketaz gain, herri kirolen saioa amaitu ondoren trontza herrikoia egingo dute herritarren artean. Egunero ikusten ez diren erakustaldiak direnez, gazteei eta ez hain gazteei probatzea gustatzen zaiela adierazi du mallabitarrak; izan ere, askotan, kanpotik ikusten denean egiten dutena "erraza dela" eman dezake: batik bat, jendeak ez dakielako harri batek benetan zenbat pisatzen duen edota teknika handia behar dela gauza bakoitza egiteko". Hain zuzen ere, horretarako eta jendea kirolera gerturatzeko egingo dute trontza herrikoia.