Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserritik eramango dute santamasetako txerria zortzigarren urtez jarraian. Luis Mari eta Ibai Alberdi aita-semeek hezitako txerri emea da Meri Xendo, Santamasetako Komisiñuak aukeratutakoa. Txerri mestizoa da, euskal txerri eta Pietrain arrazen arteko nahasketa bat. "Iaz bezala, aurten ere hiru txerri zeuden aukeratzeko, eta Santamas Komisiñokoei gehien gustatu zaiena eramango dugu", dio Ibai Alberdik.
200 kilo inguru ditu txerriak, eta pisu hori hartzeko gehienbat pentsua jan duela esan du Ibai Alberdik: "Pentsua jartzen diogu, eta, kanpoan aritzen denean, bertan dagoena ere jaten du. Ogi pixka bat eta etxeko soberakinak ere ematen dizkiogu". Bestetik, txerriarekin "pozik" daudela aitortu du haren jabeak: "Pisu polita dauka eta oso mantsoa da".
Zortzigarren urtez
2017an eraman zuten lehenengo aldiz santamasetako txerria Zaloña Aurrekoa baserritik, eta, ordutik, urtero-urtero hutsik egin gabe eraman dute. Ibai Alberdik azaldu duenez, "oso gustura" hartzen dute lan hori: "Santamasetako Komisiñua oso ondo portatzen da gurekin eta gustura eramaten dugu urtero txerria". Txerriarekin batera, behiak ere eramaten dituzte Zaloña Aurrekoa baserritik. Aurten, dermatosi nodularrak animaliarik gabe utzi ditu hainbat azoka, baina Santamasetan ez da halakorik espero. Gaixotasunarekin kezka duten galdetuta, "baietz" erantzun du Ibai Alberdik: "Beti dago kezka puntu bat. Gipuzkoa ez da oso handia, eta halako kasu bat antzematen dutenean oso neurri gogorrak hartzen dira, baserritar guztioi eragiten digutenak. Saneamendu kontu bat izanik, ez dut gaizki ikusten ganadu azoken etenaldia".
Aurkezpena, Domekan
Urtero bezala, Tronkomobilean jaitsiko dute txerria, eta domekan –Santamasak baino egun bat lehenago– Herriko Plazan aurkeztuko dute Meri Xendo, 19:00etan. Santamas egunean, berriz, 10:00etatik aurrera egongo da Portaloian, bisitatu gura duenarentzat. Txerri zozketa 20:00etan izango da, Herriko Plazan.
Azkenik, santamasetara joaten direnei bertako baserrietan ekoitzitako produktuak egunero kontsumitzeko dei egin die Alberdik: "Oso polita da santamasetan baserritar janztea eta talo bat jatea, baina ezin gara urtean zehar bertako ekoizleekin ahaztu. Egunero bultzadatxo bat ematera animatu nahiko nuke jendea; adibidez, Arrasateko Ereindajanen erosita.