Santamas jaien atarian, urtero moduan, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak bertso jaialdia antolatu du, aurtengoak berrikuntza ugari ekarriko ditu: lekua, data eta sarrerak, besteak beste. Oholtza gainean, Debagoieneko hiru emakume izango dira protagonista: Maider Arregi eta Ane Zuazubiskar arituko dira bertsotan, eta Maria Oses izango da gai-jartzailea. Haiekin batera, Unai Iturriaga eta Julio Soto bertsolariak osatuko dute, aurtengo bertso trama.
Pasa den urtean JAMEn egin zen jaialdia, baina aurten Kulturateko areto nagusira lekualdatu dute, aurreko espazioa okupatuta zegoelako. Datari dagokionez ere aldaketa izango da: normalean Santamas bezperan egiten bada ere, antolatzaileek hainbat oztopo izan dituzte aurten, tartean zapatuan jokatuko den Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketako finala. Hori dela eta, bertso jaialdia egubakoitzean egitea erabaki dute.
Santamasetako bertso saioa urteroko hitzordua da Arrasateko eta inguruko bertsozaleentzat, eta aurten ere giro berezia sortzea espero dute antolatzaileek.
Sarrerak nola eskuratu
Aurten ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina aforoa errespetatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik tiketak eskuratzea. Sarrerak AEDren bulegoan jaso ahal izango dira, Pablo Uranga kaleko 4. zenbakian. Astelehenetik egubakoitzera egongo dira eskuragarri, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Horrez gain, martitzenean eta eguaztenean arratsaldez ere bulegora joateko aukera egongo da, 16:30etatik 18:00etara.