Iban Delgado: "Santamasetakoa zirkuitu sigi-sagatsua da, eta malda txikiek min egiten dute"

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 12a

Iban Delgado, izado txapelduna, Santamas krosean.

Iban Delgadok (Arrasate, 1996) ezingo du domekan jokatuko duten santamas krosean iaz irabazitako txapela defendatu. Egun horretarako erronka handiagoa izango du: Gasteizko maratoi erdian izango da, eta harekin batera Debagoieneko beste korrikalari mordoxka batuko dira
irteera puntuan. 

Arrasatearrak aitortu du pena ematen diola etxeko kros kuttunean ez egoteak, eta herritarrak animatu ditu korrika egiteko zapatilak janztera: "Aitzakia ederra da lagun giroan korrika apur bat egin eta eguna elkarrekin pasatzeko".

Domekan ez zaitugu Arrasateko kaleetan arineketan ikusiko.

Ez, eta ematen dit pena apur bat, bost ediziotan parte hartu eta gero oraingoan ez naizelako lasterketan izango. Baina aurtengo helburu nagusia Gasteizko maratoi erdia egitea da; gainera, debuta egingo dut distantzia horretan.

Noiz hasi zinen maratoi erdia prestatzen?

Irail inguruan hasi nintzen maratoi erdia prestatzen. Urrian Tolosako herri krosean 10 kilometroko proba egin nuen, eta ondoren Donostiako 15 kilometroko lasterketan izan nintzen. Egia da lasterketa hura molestia batzuekin amaitu nuela eta hurrengo hiru asteetan lasaiago ibili behar izan nuela. Esango nuke ostera ere erritmoa errekuperatu dudala, baina domekara begira hasierako asmoak aldatu egin ditut apur bat: kilometroa 3.20ra egitea zen hasierako helburua, eta 3.25era egiten saiatuko naiz.

Erritmo aldaketa horrekin minutu pasatxoko aldea dago maratoi erdian...

Badirudi ez dagoela apenas diferentziarik, baina aldea dago. Hasieran, lasterketa ordu eta hamar minutuan egin nahi nuen, gutxi gorabehera, baina dena ondo badoa pare bat minutu gehiago beharko ditut.

"Pena ematen dit
Arrasaten ez
lehiatzeak, baina
Gasteizko maratoi
erdia dut begiz jota"

Gasteizen ez duzue Arrasateko kaleetan egoten den giroa izango...

Hori seguru. Gasteizko maratoi erdian ez da aparteko girorik egoten, hori egia da, baina aurten Arabako eta Euskadiko txapelketa egongo da jokoan lasterketa horretan, eta ibilbide egokia da maratoi erdi on bat egiteko; talde askotako ordezkariak izango gara bertan. Goierri Garaiatik, esaterako, lau lagun egongo gara.

Lehenengo maratoi erdia izango duzu; prestakuntzan alderik igarri duzu?

Bereziki entrenamendu-saioetan bolumen handiagoa sartu behar izan dut, eta korrikaldi luzeagoak egin, serieak ere luzeagoak izan dira... Eta gero, lasterketan esfortzuak ondo kudeatu beharko ditut. Nire asmoa da hasieratik talde on bat hartzea, eta ondoren, 17. kilometroan ikustea zelan nagoen, eta indarrez banago erritmo apur bat biziagoa jartzea.

Aurpegi ezagun gehiago egongo zarete Gasteizen?

Bai; zerrendan begira ibili naiz, eta Iñigo Alzola eta Mikel Velasco arrasatearrak ere lasterketan izango dira. Gehiago egongo dira, seguru. Horrenbestez, horiek ez dute santamasetako txapela irabaziko.

Zeintzuk ikusten dituzu faborito?

Nire ustez, Endika Donnay hortxe-hortxe ibiliko da. Taldekidea dut, eta aurten lasaiago dabil, baina... Gainera, iaz hura izan zen Gasteizko maratoi erdia egiten, eta nik santamas krosa egin nuen. Aurten aldatu egin gara [Barre]. Harekin batera, Sergio del Palacio, Josu Uribarren, Unai Barrena... ez dakit ze asmorekin dabiltzan, baina lasterketara badoaz, aurrean ibiliko dira.

Zer-nolako zirkuitua da?

Ez da zirkuitu azkarra, oso sigi-sagatsua delako eta zaila delako abiadura mantentzea. Garibai etorbideko zuzena alde batera utzita, gainontzean bihurgune itxi asko dituen zirkuitua da, eta, gainera, Portaloikoa moduko maldek min egiten dute; bereziki, hirugarren itzulian [Barre]. Baina giro ederra egoten da.

Erlazionatuak

Domeka honetan jokatuko da 47. santamas krosa

Ibai Irasuegi Garai abe 10, 16:40 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak