Aurten, 47. edizioari hasiera emango dio aurtengo berritasunak: martxa nordikoak. 10:45ean hasiko da lasterketa, eta, gainontzekoek bezala, Garibai etorbidean hasi eta amaituko da. Adin mugarik gabeko lasterketa izango da martxa nordikoa; beraz, 5 euroko izen ematea ordainduz gero, edozein pertsonak parte hartu ahalko du lasterketan. 16 urtetik beherako gazteen krosa hamaiketan hasiko da.
Bertan, adin eta distantzia askotariko bost lasterketa egingo dituzte; nagusienekin hasi, eta gazteenetaraino: 13, 14 eta 15 urtekoak (800 metro), 11- 12 urtekoak (600 metro), 10 urtekoak (400 metro), 9 urtekoak (400 metro), 8 urtekoak (200 metro), 7 urtekoak (100 metro) eta 4, 5 eta 6 urtekoak (100 metro). Santamas krosa ezaguna da, besteak beste, kuadrilla arteko lasterketak adin eta maila desberdinetako jende ugari biltzen dituelako.
Abenduaren 13ra arte izena ematea zabalik dago, bakarkakoan eta kuadrilla artekoan
Aurten, kuadrilla arteko lasterketako saria bailarako kuadrillen artean banatuko da, eta talde horiek emakumezkoak, gizonezkoak edota mistoak izan ahalko dira. Probak 6 kilometro izango ditu, eta buelta bakarrean egingo den ibilbidea izango du: Garibai etorbidea, Maalako biribilgunea, Gipuzkoa etorbidea, Maalako biribilgunea, Portaloia, Seber Altube, Olarte kalea, Arbolapeta, Olarte kalea, Seber Altube, Portaloia, Erdiko kalea, Arrasate pasealekua, Zekaosteta, Biteri, Maalako errebala, Maalako biribilgunea eta Garibai etorbidea. Kuadrilla bakoitzeko lehen lau kideek lortutako puntuek erabakiko dute probako irabazlea, eta bertan puntu gutxien lortzen dituen taldeak irabaziko du proba.
Kuadrilla mistoen kasuan, lehen bi gizonezkoen eta emakumezkoen emaitzak puntuatuko dira lasterketako talde irabazlea erabakitzeko. Puntu berak dituzten taldeen artean, kontuan izango dira taldeko laugarren sailkatuaren puntuak, sailkapen hobea lortzen duen taldea zein den erabakitzeko. Hala, kategoria bakoitzeko hiru talde onenek saria jasoko dute: bildots bat lehenak, hiru untxi bigarrenak eta bost oilasko hirugarrenak. 16 urtez gorako kuadrillek bakarrik parte hartu ahalko dute, eta, 10 eurotan, izena eman daiteke abenduaren 1etik 13ra bitartean Arrasate Atletiko Taldearen webgunean edota egunean bertan Biteri plazan.
Bakarkako lasterketa
Santamas krosaren beste bereizgarri bat da bakarkako proba. 13:30etan hasiko da eta hiru zatitan banatuko da sei kilometroko proba: buelta handi bi eta txiki bat. Bertan, sari bana jasoko dute lasterketaren irabazleak eta lehen emakumezko sailkatuak.