Sei orduz Uarkape kanpoan zain, pilota jaialdirako sarrerak erosteko

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 5a

Lagun bat baino gehiago sei orduz egon zen Uarkape kanpoan zain, Santamasetako pilota jaialdirako sarrerak erosteko.

Bruce Springsteen-en kontzertu baterako baino ilara luzeagoa egin zuten atzo, eguena, Arrasateko zenbait kuadrilletako lagunek Uarkape kanpoaldean. Santamasetako pilota jaialdirako Internetez sarrerek hegan egin eta gero, atzo frontoiko leihatilak 18:00etan ireki zituzten. Ilaran lehenengo jarri zirenak, baina, 11:30etarako zain zeuden. 50 minutuan saldu zituzten denak.

Santamas egunean Jaka-Iztueta eta P.Etxeberria-Rezusta bikoteek ez dute ardura makala izango, jaialdia ikusteko sarrerak lortzea Eskuz Binakako finalekoak lortzea baino zailagoa izan delako. Joan den eguenean Internetez jarri zituzten sarrerak salgai, bakoitzak gehienez bost sarrera eros zitzakeen, eta ordurako kuadrilla askotako ordezkariak denendako sarrerak erosteko antolatu ziren. Helburua, baina, erdizka lortu zuten gehienek, eta aste barruan WhatsApp taldeetan ez da besterik egon, zenbat lagunendako sarrerak zituzten, eta zenbat geratuko ziren kanpoan.

Bigarren aukera geratzen zen, izan ere, atzo Uarkapeko leihatilan beste sarrera mordoxka bat jarri zituzten salgai, baina hor ere ez ziren denak pozik geratu, asko sarrera gabe geratu zirelako. 18:00etan ziren ateak irekitzekoak, "baina lehenengoak 11:30etarako ikusi ditut zain". Hondartzako aulki eta guzti.  Kuadrilla baten baino gehiagotan txandak antolatu zituzten ilaran egoteko, eta 18:00etan ateak ireki zituztenerako jendea urduri zegoen, horrenbeste denboran zain egon eta gero ea sarrera gabe geratu behar ziren. Bada, hor ere pertsona bakoitzak bost sarrera eros zitzakeen, eta 50 minututan agortu ziren sarrera denak. Hala, 25 lagun inguru esku hutsik bueltatu ziren etxera, eta Santamas egunean taloarekin eta txistorrarekin konformatu beharko dute. Hor ere ilara eginda, noski.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak