Aitortzari balioa eman diote, ideien alde borrokatzeko "beste modu bat" aldarrikatuta

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko abenduaren 5a

Luis Urrutia 'Saburdi', Aratz Gomez, Kristina Larrañaga eta Candido Gomez, Arrasateko udaletxean, ekitaldiaren ostean.

Memoriaren Egunaren harira, Arrasateko Udalak biktima gisa aitortu du Enrike Gomez Korta, udaletxean egindako ekitaldi instituzional batekin; haren senideekin egoteko baliatu du hori GOIENAk.

1979ko ekainaren 25ean Batallon Vasco Españolek (BVE) 25 urteko Enrique Gomez Alvarez erail zuen Baionan. ETAko kidea zen, eta poliziari ihes eginda Ipar Euskal Herrian babes hartuta zebilen 1974az geroztik. Aipatutako egunean, etxerako bidean zela, Peugeot 305 bat jarraika zuela konturatu eta laguntza eskatzen ahalegindu zen; baina Udalaitz tabernaren parean zegoela, autoa gelditu eta dozena bat tiro bota zizkioten. Anbulantzian hil zen, Baionako ospitale zibilera bidean. Hala dago jasota Arrasateko Udalaren Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon liburuan.

Kristina Larrañagak, Korta-ren alargunak (Arrasate, 1954), aitortu du "urte gogorrak eta zailak" izan zirela 70eko hamarkadako azken haiek. "Iparraldean geundelarik, zeukan arriskuaren jabe ginen biok. Kalean jarraitu egiten zuten, eta eskapada batzuk ere izan zituen. Zoritxarrez, jakitun zen lehenago edo geroago hura ere eroriko zela. Dena genuen galtzeko, baina gure ideiak argi genituen eta horiekin egin genuen aurrera. Askotan esaten zidan: 'harrapatu egingo naute, zerbait egingo didate", azpimarratu du.

Kristina Larrañaga: "Erabat aldatu zitzaigun bizitza, baina ez nintzen sekula bakarrik sentitu"

Larrañagaren ahizparen gizona da Luis Urrutia Saburdi (Arrasate, 1947), eta kontatu du Korta nola iritsi zen egun batean etxera. "Iparraldean geundela, Baionan, gogoratzen dut Enrike nola etorri zen egun batean. Eguerdi bat zen, eta senetik irtenda sartu zen etxera. 'A ze eskapada egin dudan', esan zidan. 'Atzetik etorri zaizkit, eta eskerrak igogailuan sartu naizen'. Hil zuten eguna baino egun batzuk lehenago izan zen hori", dio.

Larrañaga, shock egoeran

Hain zuzen, 1979ko ekainaren 25ean erail zuten. "Etxean nengoen, eta errefuxiatu bat etorri zen, Enrike oso larri zegoela esatera. Berehala konturatu nintzen hil egin zutela", azaldu du Larrañagak. "Jende asko hasi zen etortzen, eta aitortu behar dut laguntza handia izan nuela une haietan. Edozelan ere, shock egoeran egon nintzen ondorengo egunetan. Astebetera jaio zen Aratz, eta nik oraindik shock egoeran jarraitzen nuen, ez nekien non nengoen ere. Une batzuetan, ez nintzen kontziente ume bat izan berri nuela".

Ondorengo urteak ere "oso zailak" izan ziren arren, errefuxiatuen komunitatearen inportantzia nabarmendu du Larrañagak. "Erabat aldatu zitzaigun bizitza, baina lagunak beti hor egon ziren. Ni ez nintzen sekula bakarrik sentitu. Bizitzan aurrera egiteko, lan egin behar izan nuen, noski, eta lanean nengoen bitartean, lagunek zaintzen zuten Aratz". Horri lotuta, zera gaineratu du Aratz Gomezek, semeak (Miarritze, 1979): "Ez zidaten aitarik izaten utzi, baina, era berean, txikitan, aita eta osaba asko izan nituen. Oso txikia nintzen eta gehiena ez dut oroitzen, baina baditut oroitzapen batzuk mendira joaten ginenekoak eta. Errefuxiatuen komunitatea oso solidarioa izan da beti Ipar Euskal Herrian".

Aratz Gomez: "Ez zidaten utzi aitarik izaten, baina aita eta osaba asko eduki nituen txikitan"

"Umila, isila eta langilea" zen

Korta-ren izaeraz galdetuta, zera erantzun du haren alargunak: "Umila zen, isila eta langilea; nahiko pertsona normala. Egia da haren lanekin oso militantea zela, baina festa egitea egokitzen zenean ere egiten zuen; asko maite zuen hori". Saburdi-k beste bi ezaugarri gehitu dizkio horri: "Konprometitua eta arduratsua ere bazen".

Luis Urrutia 'Saburdi': "Pertsona umila, isila, langilea eta arduratsua zen Enrike, konprometitua"

Haren ingurukoekin "oso inplikatua" zela adierazi du Candido Gomezek, anaiak (Porqueros, Leon, Espainia, 1963). "Niri, esaterako, hark erakutsi zidan irakurtzen, txikitan".

Arrasatekoa, bigarren aitortza

Leonen jaioa izan arren, Gasteizera emigratu zuen Korta-k, gurasoekin batera, eta han hazi zen. Euskara ikasi, eta euskara irakasle aritu zen Arabako hiriburuan. Horregatik, 2016an, Korta biktima gisa aitortu zuen Gasteizko Udalak, eta gauza bera egin berri du Arrasatekoak ere. "Ez nuen espero Arrasateko Udalak halako zerbait egingo zigunik, eta, beraz, esker hitzak besterik ez dugu haientzat", azaldu du Larrañagak.

Aratzek dio "oso garrantzitsua" dela memoria-lan hori egitea. "Gatazka honetako pertsona eta sufrimendu guztiak oroitzea funtsezkoa da. Bai guretzat, noski, baina baita atzetik datozenentzat ere. Jakin dezaten zer gertatu den, nola eta zergatik. Ideien alde borrokatu behar da, baina beste modu batean, guk pasatakoa ez pasatzeko. Gertatutakotik ikasi beharko genuke, ez dadin errepikatu".

Aitortzari balioa eman badio ere, epaiketa bat eskatu du Candidok, "nahiz eta ia ezinezko" ikusten duen. "Beste gatazka armatu batzuetan aplikatu izan dituzte epaiketak; Irlandan, esaterako. Gurean eta beste kasu askotan aplikatu daiteke hori", gehitu du Aratzek; Espainiaren aitortza falta dela zehaztu du.

Candido Gomez: "Aitortzari balioa ematen diot, baina epaiketa bat egitea nahiko nuke"

Iparraldeko gizartearen inplikazioa, gakoa

Azkenik, Korta-ren semeak azpimarratu du gatazka armatuaren amaieran Ipar Euskal Herriak izandako garrantzia: "Amaiera ahalik eta duinena izateko gakoa izan zen Iparraldeko gizarteko askotariko esparru eta eragileen inplikazioa. Hego Euskal Herrian ezinezkoa izango litzateke hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak