Proiektu horretan, ikasleak, gizarte egiturak ikasten hasi ziren, demokrazia eta diktadura konparatuz. Besteak beste, Gasteizera joan ziren Eusko Legebiltzarra ezagutzera. Jarraian, ongizate estatu baten oinarrizko beharrak zeintzuk diren ikusi zuten, herrialdeak konparatzeko giza adierazleak erabiliz. "Oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko inguruan ditugun gobernuz kanpoko erakundeen podcastak ere sortu zituzten taldeka. Bukatzeko, gure herrialdean ongizatea bermatzeko kanpaina propioa sortu zuten. Arazo eta behar ezberdin asko daude gure inguruan eta horregatik kanpaina ezberdinak sortu zituzten, baina azkenean Mararen egoeran laguntzeko kanpaina bat eramango dute aurrera", azaldu dute Gaztelupeko ordezkariek.
Kanpaina gauzateko, ikasleek hainbat ekintza egin zituzten Seber Altube eta Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, hala nola patata-tortilla pintxoen eta bizkotxo zatien salmenta, gaztaren pisua asmatzeko lehiaketa eta produktu otarren zozketa. "Herritarren erantzuna bikaina izan da, eta horren emaitza diru bilketaren zifra da".
Ekintza solidario horiei esker, 800 euro baino gehiago bildu dituzte. "Bilketa arrakastatsu honek argi eta garbi erakusten du herriaren babesa eta elkartasuna Mara eta bere familiarentzat. Diru kopuru osoa zuzenean familiari helaraziko zaio, Mararen zaintzarako eta gaixotasunaren ikerketari laguntzeko".
Haurraren familiak, halaber, esker ona adierazi nahi izan du, ikastolaren, ikasleen eta herritarren artean sortutako elkartasun kateak eman dien laguntza eta berotasunagatik. Familiaren esker mezuak ikasleak "emozioz" bete zituzten. "Era berean, ikasleek bihotzez eskertu nahi dute herritar guztiek kanpainan zehar erakutsitako elkartasuna, ekarpenak eta parte-hartzea. Elkarlanari eta komunitatearen babesari esker lortu da helburua, argi utziz Mara denon garra dela"