EAJk egindako adierazpenen aurrean, azalpenak eman ditu Udal Gobernuak. "Mailegua eskatzea Iturripeko kiroldegi berriari lotuta dago zuzenean. Inbertsio handia izango da, eta herritarrek etxea erosteko mailegua eskatzen duten bezala, Udalak mailegua eskatuko du eraikinaren obrak finantzatzeko", adierazi du.
Halaber, dio, obra guztiaren mailegua behin eskatzeak "baldintza merkeagoak" emango dizkiola Udalari. "EAJk proposatzen duen finantziazioa, azken finean, Gobernuak proposatzen duen mailegu bera eskatzea da. Ezberdintasun bakarra gardentasuna da. Hau da, guk hasieratik argi eta garbi esan dugu zein izango den maileguaren zenbatekoa, eta haiek hiru urtetan 'disimulatzea' planteatzen dute, baina emaitza berbera da". Hala, zera gaineratu du: "Badirudi EAJ ezjakintasunetik edo asmo txarretik hitz egiten ari dela. Izan ere, batzordean azaldu zitzaien gai hau".
Era berean, "lasaitasun mezua" zabaldu dute. "Herritarron hipotekekin gertatu ohi den bezala, Udalaren mailegua uste baino lehenago ordaintzea espero da. Izan ere, zuhurtziazko kudeaketa egiten ari gara uneoro, eta gastuaren kontrola zorrotz jarraitzen ari gara. Gainera, mailegua eskatzeak ahalbidetuko du Gorostizako igogailuak egitea, Grupo San Juango eta Udalako urbanizazioak egitea, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea edota Santa Marina auzoko liburutegia berritu eta handitzea".
Plan ekonomiko-finantzario bat baduela nabarmendu du Gobernuak. "Kontua dena da esku artean dauden proiektu guztiak ezin direla agintaldi batean exekutatu, baliabide ekonomiko nahiko ez dagoelako, ezta ebaliabide tekniko, pertsonal eta material nahikoa ere". Horrekin batera, kanpoko finantziazioa lortzen saiatzen ari dela azaldu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak edo Europako Funtsak, esaterako.
Hainbat proiektu garrantzitsu
Azkenik, Gobernuak nabarmendu du "Arrasaten bizi-kalitatea hobetzeko hainbat proiektu" gauzatuko dituela 2026an. Honako hauek dira:
- Iturripe berria - kiroldegia eta aisialdi gune berriak egitea: 31.200.000 €.
- San Juan taldearen berrurbanizazioa: 1.790.000 €
- Gorostiza auzoko igogailu berriak egitea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da).
- Udala Auzoa urbanizatzea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da).
- Kirol saileko hainbat inbertsio (horien artean: mojategi teilatua berritzea, gimnasioetako makina berriak erostea, kale-ekipamendua, igerilekuko teilatua konpondu…): 285.000€.
- Kulturateko klimatizazio sistema konpondu eta berritzea: 100.000€.
- Makatzenako estalpea konpontzea: 63.400€.
- La Merced ikastetxearen erosketa: 3.050.000 €.
- Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea: €1 (Gerakinarekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 465.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da).
- Santa Marina auzoko liburutegia berritu eta handitzea: €1 (Gerakinarekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 400.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da).
- Ur sarearen bypass berria egitea: € 1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da).
- Bidegorri sarea handitzen jarraitzea: 300.000 €.