EAJk "urte askotako alternatiba bat" proposatu du, "hogei urteko zor baten ordez"

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 28a

Maitane Muñoz eta Ander Garay zinegotziak, udaletxean.

Iturripeko proiektua gauzatzeko inbertsioa hiru ekitalditan banatzea proposatu dute: 4 milioi euro 2026an; 13 milioi 2027an; eta 14,5 milioi 2028an. "Formula hori arrakastaz aplikatu zen aurreko legealdian EAJk berak bultzatutako JAME eta Kulturola proiektuetan".

Arrasateko EAJk hamalau zuzenketa aurkeztu dizkio 2026ko aurrekontu-proposamenari, "helburu argi" batekin: "Iturriperen proiektua bideragarria, arduratsua eta denboran iraunkorra izango dela bermatzea, Udalaren egonkortasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe eta udalerriaren etorkizuna hipotekatu gabe".

Jeltzaleek diote Udala dela "oinarrizko hiru arau ekonomikoak" betetzearen arduradun bakarra –gastu-araua, aurrekontu-egonkortasuna eta zorpetzea–. "Baldintza horiek beteta, aurrekontuak egituratzeko modua Udalaren eskumen esklusiboa da, ez beste administrazioena", gaineratu dute.

Garayren esanetan, kudeaketa arduratsua ez da maileguaren kopuruaren arabera neurtzen, baizik eta irizpidearen arabera planifikatzeko gaitasunaren arabera. "Udal Gobernuak planteatutako 37,5 milioi euroko maileguak kontu publikoak hipotekatuko ditu datozen hogei urteetan".

EAJk azaldu du JAME (2016-2021) eta Kulturola (2017-2023) proiektuak "urte askotako plangintza baten bidez" eta "superabitetik eratorritako funtsen zati batekin" finantzatu zirela. "Badago beste egutegi modu bat, etorkizuneko belaunaldien gaineko zorra kargatzen ez duena. Hori da gure zuzenketa: buruarekin inbertitzea, ez mailegu kolpez".

Hamalau zuzenketa aurkeztu dituzte

Talde jeltzaleak hamalau zuzenketa erregistratu dizkio aurrekontu-proposamenari, "guztiak 2026rako Gobernu Planean jasota daudenak", haien esanetan. Honako hauek dira:

  1. Iturripe: urte anitzeko inbertsioa hiru urtean (2026-2028).
  2. Iturripeko obrak iraun bitartean elkarteak eta eskolak birkokatzea – 100.000 €.
  3. Uarkape eta Musakolako gimnasioen berrikuntza integrala renting bidez – 150.000€.
  4. GKEentzako laguntzak eta garapenerako lankidetza handitzea – 50.000 €.
  5. Harreman-Mundukide proiekturako zuzeneko laguntza handitzea – 15.000 €.
  6. Coworking sozialerako eta herritarren topagunerako gune bat sortzea – 150.000 €.
  7. Autobus geltoki berriaren proiektua – 300.000 €.
  8. Musakolako kiroldegi berriaren proiektua – 400.000 €.
  9. Zarugaldeko hormaren segurtasuna hobetzeko obra 48-54 – 500.000 €.
  10. Haur-parke estalia ikastetxean – 100.000 €.
  11. Tokiko bide-sare osoan trafikoa kontrolatzeko kamera-sistema – 120.000 €.
  12. Amaia Antzokia eraberritzeko lanak – 500.000 €.
  13. Gudarien plaza eraberritzeko proiektua – 80.000 €.
  14. Aisialdian euskara sustatzeko plana – 25.000 €.

Aurrekontutik kanpo utzitakoak

Azkenik, egungo gobernu taldearen "inkoherentzia" salatu du EAJk, Gobernu Planean sartutako hainbat proiektu aurrekontutik kanpo utzi dituelako. "Horien artean, autobus geltokiaren proiektu berria, Musakola kiroldegi berria, Amaia antzokiaren obren hasiera, Gudarien Plazaren eraberritzea edo coworking gune baten sorrera daude. Proiektu horiek guztiak 2026rako konprometituta zeuden. Gaur ez dira agertzen ezta aurrekontuko lerro batean ere. Non dago koherentzia? Non dago plangintza?", galdetu du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak