Enrike Gomez Alvarez Korta-ren inguruan Argituzek 2018an egindako Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon liburuan jasotako informazioa honako hau da:
1979ko ekainaren 25ean Batallón Vasco Españolek (BVE) 25 urteko Enrique Gomez Alvarez erail zuen Baionan. ETAko kidea zen, eta poliziari ihes eginda Ipar Euskal Herrian babes hartuta zebilen 1974az geroztik. Aipatutako egunean, etxerako bidean zela, Peugeot 305 bat jarraika zuela konturatu eta laguntza eskatzen ahalegindu zen: baina Udalaitz tabernaren parean zegoela, autoa gelditu eta dozena bat tiro bota zizkioten. Anbulantzian hil zen Enrique Gomez, Baionako ospitale zibilera bidean. Eusko Jaurlaritzaren TBLZk emandako Talde inkontrolatuek, eskuin muturreko taldeek eta GALek eragindako terrorismoaren biktimei buruzko txostenak dioenez, "Jean Pierre Cherid izan zen atentatuaren egilea" (2008: 26). Enrique Gomez Leongo Porqueros herrian jaio zen eta haurtzaroan joan zen Gasteizera, gurasoek bertara migratu zutenean. Gasteizen bizi izan zen, Samaniego ikastetxean ikasi zuen, bai eta gerora Jose Obrero lanbide-eskolan ere. Bertan ikasi zuen euskara eta ondoren bera ere aritu izan zen euskara-irakasle Arabako hiriburuan, Arrasatera joan zenera arte. Arrasatekoa zuen bikotekidea, Kristina Larrañaga Arando, Enrique erail zutenean Kristina euren semeaz haurdun zen.