"Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde" azaldu da Arrasateko Udala

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 25a

Azaroko osoko bilkura.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala egin du Arrasateko Udalak. "Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako", azaldu dute.

Indarkeria matxistak "beldurrezko eta lotsazko ingurunea" sortzen duela nabarmendu du Udalak, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera duela gaineratuz, eta biktimagileen zigorgabetasun sentsazioa areagotzen duela salatuz. "Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak".

Hala, komunitateari eman dio balioa. "Beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela".

Batetik, komunitate feminista aipatu dute. "Hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake".

Bestalde, tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezakeela adierazi du Udalak. "Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi".

Erantzukizun zuzena

Era berean, udalek daukaten erantzukizun zuzena azpimarratu du adierazpenak, "komunitateak sustatzeko, non auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko". Era berean, gaineratu du emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna ere badutela udalek.

Hainbat konpromiso hartu ditu

Hori dela eta, Udalak hainbat konpromiso hartu ditu. Batetik, hurbiltasun-sare lokalak indartzen jarraitzea, hau da, "topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaintzea, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko".

Bestalde, kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzen jarraitzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, "bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz adibidez bizikidetza plana garatzen jarraituz".

Horrekin batera, hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzeko konpromisoa ere hartu du, "zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko".

Halaber, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak ere garatuko dituzte, "emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan".

Indarkeria matxista kasuen aurrean, Mugimendu Feministak antolatzen dituen mobilizazioak sustatzen jarraituko du Udalak, "indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko". Hala, gaurko egunez Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin bat egingo du.

Azkenik, tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari babesa ematea eta haiekin koordinatzen jarraitzea ere bada konpromisoetako bat, "indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak