Hausnarketarako eta aldarrikapenerako dei egin dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 19a

Nerea Loron 'La Furia', Eva Abuin eta Amets Beltran de Gebara, prentsaurrekoan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da martitzena, Azaroaren 25a, eta egun horren testuinguruan, "hausnarketarako eta aldarrikapenerako" antolatu dituzten askotariko ekintzak biltzen dituen egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak.

Arrasateko Mugimendu Feministak eta Emakume Txokoak, beste urte batez, hainbat ekintza prestatu dituzte Azaroaren 25aren testuinguruan, eta etxe guztietara bidaliko dute egitaraua. Helburua da ekintza horien bitartez "emakumeen* gorputzen gaineko botere harremanak eta indarkeriak salatzea", Emakume Txokoko teknikariek azpimarratu dutenez. Hala, hausnarketarako eta aldarrikatzeko baliatuko dute egitaraua.

Bi elkarretaratze egingo dituzte

Lehenik eta behin, martitzenean bertan, bi elkarretaratze egingo dituzte. Alde batetik, Gazte Feministek eta Ikamak deituta, 12:00etan elkartuko dira Herriko Plazan, "indarkeria matxistaren aurkako aldarria kaleratzeko" helburuarekin. Horrez gain, Arrasateko Mugimendu Feministak 18:30erako egin du elkarretaratzerako deialdia, hori ere Herriko Plazan, Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean.

Hilaren 29an, tailerra

Azaroaren 27an, eguena, La cosa antzezlana, bakarrizketa ere kontsideratu daitekeena, egingo du Cristina Castillok, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan, 18:30ean. "Kontakizun pertsonal, intimo eta apurtzailea da Cristinak dakarkiguna. Haurtzaroko sexu indarkeria oinarri duen obra honek, indarkeria salatzeaz gain, erreparaziorako tresna izateko asmoa ere badu. Guztia, baina, umoretik kontatua eta kantatua. Izan ere, antzezleak berak dioen bezala, barre, oihu, kantu eta dantza egin behar da, nahiz badirudien hasiera batean, ez den bateragarria gaiaren gordintasunari erreparatuta", azaldu dute Emakume Txokoko kideek. Gaztelaniaz izango da.

Ondoren, azaroaren 29an, Autodefentsa Feminista tailerra egingo dute Emakume Txokoan, Emagin elkarteko Maider Kery Avaristo Iziarren eskutik, 10:00etan. "Tailerrak espazio seguru eta aske bat eskaini nahi du, emakumeok* indarkeria matxistaren bueltan izan ditugun bizipenak partekatzeko, horietaz hausnartzeko eta taldean gure buruak indartzeko. Hori guztia, autoestimu feminista oinarri hartuta". Tailerrean parte hartzeko, izena eman beharko da Emakume Txokoan bertan edo hara deituta, 943 79 41 39 zenbakira.

Solasaldia, izen ezagunekin

Egitaraua amaitzeko, abenduaren 2an, martitzena, Irantzu Varela eta Nerea Loron La Furia-ren arteko elkarrizketaz gozatzeko aukera izango da, 18:30ean. Solasaldirako abiapuntua Varelak argitara eman duen Lo que quede liburua izango da. Hain zuzen, liburua idaztera zerk bultzatu zuen, zein harrera izan duen eta liburuaren bueltako bestelako xehetasunak partekatuko ditu idazleak. "Edozelan ere, arreta berezia jarri gurako genioke gaur egun bizi ditugun indarkeriei eta indarkeria horiei heltzeko moduei. Gustu baduzue, bertan egingo dugu topo", azaldu du La Furia abeslariak.

Parte hartzeko dei egin dute

Bukatzeko, prentsaurrekoa baliatuz, egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko dei egin diete herritarrei. Eva Abuinek, Arrasateko Udaleko Feminismo eta LGTBIQ+ zinegotziak, zera nabarmendu du: "Indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa adierazi nahiko genuke, herriko eragileen eskutik antolatu diren elkarretaratzeen zein Berdintasun Sailetik antolatu diren bestelako ekimenen bitartez. Herritarrak mobilizatzera animatu nahi ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak