'Baskonia globalizazioan' liburua aurkeztuko dute eguenean Kulturaten

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 3a

Oñatiko jardunaldietan, Isabel Elizalde hitz egiten.

Nabarralde Fundazioak ondu duen lana bihar, martitzena, aurkeztuko dute Iruñean eta azaroaren 6an egingo dute gauza bera Arrasaten. Halaber, Vincent Partal kazetariak ere hitzaldia egingo du.

Ekainaren 13an eta 14an Oñatin egin zituzten jardunaldietako hausnarketak eta gogoetak jasotzen dituen liburua aurkeztuko dute azaroaren 6an, eguena, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean hasita. "Irakasle eta pentsalari talde baten egun hartako gogoetak bildu ditugu akta-liburu honetan", azaldu dute.

Azken hamarkadetako garapen zientifiko-teknologikoak egungo "globalizazio-eredua bizkortu" duela diote liburuaren egileek, eta "errotik eraldatu" dituela XX. mendearen bigarren erditik oinordetzan jasotako politika, ekonomia eta gizartea. "Prozesu horrek zuzeneko eragina izan du demokrazia liberaletan, haien erakundeak ahuldu ditu, ongizate-estatua higatu du eta herritarren gero eta desafekzio handiagoa elikatu du. Euskal Herria ez dago dinamika global horretatik kanpo", gaineratu dute.

Era berean, Vincent Partal kazetariak hitzaldia egingo du. "Katalunian erreferente handietako bat da, besteak beste, hango lehen aldizkari digitala sortu zuena. Oso kazetari jantzia da eta hura gonbidatzea erabaki genuen, Kataluniako testuingurua azaltzeko. Izan ere, ispilu horretan ikusiko dugu gure burua ere", azaldu du Iñaki Idigorasek, Nabarralde Fundazioko kideak. 

Bihar, Iruñean

Lehen aurkezpena bihar egingo dute, martitzena, Iruñeko Txalaparta liburu-dendan, 18:30ean, Oñatiko jardunaldietan parte hartu zuten Isabel Elizalderekin eta Juan Carlos Longasekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak