'Baskonia globalizazioan' jardunaldia egin dute Oñatin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 15a, 11:32

Nabarralde Fundazioak eta Oñatiko Udalak antolatuta, globalizazio garaian Euskal Herriak bere buruak definitzeko oinarrien inguruan hausnartu dute egubakoitzean eta zapatuan.

Baskonia globalizazioan jardunaldia hartu du Oñatik eta globalizazio garaian, Euskal Herriak bere burua defenditzeko beharrezkoak dituen oinarriak landu gura izan dituzte, Nabarraldeko kide Angel Rekalderen esanetan, jendea bera izan baita estaturik ez izanda ere, Euskal Herriari eutsi izan diona herritarrak izan dira. "Trantsizio garaian gaude. Amaitzen ari da garai bat ezagutu duguna eta globalizazioan sartzen ari gara. Geneuzkan puntu asko galtzen edo aldatzen ari dira, eta gure asmoa da ikustea ea nola kokatzen garen. Hori da gogoeta, eta gogoeta hori egitea ez da erraza. Nahi duguna da hipotesiak, prospektiba apur bat, galderak… abiatzea", dio Rekaldek.

Hainbat hitzaldi jardunaldien baitan

Horretarako, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatu dituzte, eta profil eta jaioterri ezberdinetako jendea gonbidatu dute. Hori ikus zitekeen, esaterako, zapatu arratsaldean antolatu zuten mahai-inguruan. Isabel Elizaldek, Xabier Barandiaranek eta Helena Larraldek, etorkizuneko erronkak izan zituzten berbagai, Zalantzazko etorkizuna atalean. Burujabetza, inmigrazioa, despopulazioa eta bestelako gaiei eman beharreko erantzunez aritu ziren.

Deustuko Unibertsitateko irakasle Xabier Barandiaranen arabera, globalizazio ereduak demokrazia liberalaren krisia ekarri du: "Agenda politiko berri baten aurrean gaude, garai aldaketa baten aurrean gaude, eta erronka berriak ditugu. Aldaketa klimatikoari, lehiakortasun ekonomikoari eta aniztasunaren kudeaketari lotuta eta nazio askapenaren ikuspuntutik erronka handiak ditugu. Nik uste dut inork ez daukala formula magikorik, baina zalantzarik gabe lankidetzan, eta elkar hartuta egin beharko dugu nola heldu Euskal Herri bezala etorkizunari".

Peio Martikorena Fundazioko zuzendari Isabel Elizaldek ere zioen, Euskal Herritik "gure artean ongi ezagutuz, entzunez eta ulertuz" erantzun behar zaiola globalizazioari, eta ikasi egin behar dela elkarrekin lan egiten: "Uste dut saiatzen garela batzuetan, baina zenbaitetan ez dugu lortzen erabat. Niretzat hori funtsezkoa da. Lurralde bakoitzak dituen ezaugarriak ongi ezagutu behar ditugu eta lurralde bakoitzak dituen arazoak eta erronkak ere ulertu behar dira. Gizartea erdian jarrita, eta ikusita, bakoitzak dituen baliabideak. Hortik joan behar da heltzen erronkei. Ez da erraza".

Balorazio "positiboa"

Bi egunetako jardunaldiei buruzko balorazioaei buruz galdetuta, Angel Rekaldek dio "oraindik goiz dela", baina "oso pozik" daudela. Azaldu duenez "anbizio handiko" proiektua da, eta emaitzak ez dira orain ikusiko: "Gustatuko litzaidake honek jarraipena izatea, eta orduan, gauza gehiago egitea".

Partaideak ere "gustura" agertu direla dio, eta azaldu du datozen asteetan "ondorio batzuk" aterako dituztela, eta orduan mamituko dutela, "oso lan sakona baitago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak