Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, Plaza Bizi "irekia" da eta komunitatearen parte-hartzea du erdigunean: "Auzoa guztiona da, eta guztion artean eraiki behar dugu. Zuen ideiak eta iritziak behar ditugu. Nola bizi nahi dugu gure auzoa? Zein espazio falta zaigu? Zer egin dezakegu elkarrekin? Guztion artean lortuko dugu auzo bizigarriago, inklusiboago eta naturalago bat. Guztiona den neurrian, guztion ardura ere bada", azpimarratu dute.
Parte-hartze prozesuak bilera irekiak izango ditu eta horietan parte hartzera gonbidatuta daude auzoan bizi, lan egin edo han ibiltzen diren herritar guztiak; hain zuzen, bizilagunak, hezkuntza komunitatea, elkarteak, enpresak eta erakunde publikoak. "Horiez gain, erronkarekin zerikusia duten eragileak eta kolektiboak ere gonbidatuta daude, ikuspegi anitz eta osagarrietatik eraikitzea baita gure helburua. Guztion artean elkar ezagutu, ideiak partekatu eta elkarlanean jarduteko aukera izango dugu. Gainera, haurrentzako zaintza zerbitzua egongo da, eta etxeko txikienek ere haien ekarpena egin ahal izango dute", azaldu dute antolatzaileek.
Arimazubiko eliza zaharrean egingo dituzte saio irekiak, 17:30etik 19:00etara. Lehena etzi, eguaztena, izango da eta, hurrengoak, azaroaren 19an, abenduaren 10ean eta urtarrilean. "Gaztelaniazko itzulpen zerbitzua ere egongo da, eta parte hartu nahi dutenek Telegram aplikazioa aurrez deskargatuta izan beharko dute mugikorrean", ohartarazi dute.