BDZren erantzuna, Ikerlanen posizionamenduaren harira

Hasier Larrea 2025ko urr. 23a, 11:37

Arrasateko BDZk –Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak– positiboki baloratu du Ikerlanek publikoki erantzun izana joan den astean plazaratutako idatziari. Hala ere, "zalantza handiak" piztu dizkiete teknologia-enpresaren hainbat baieztapenek. 

BDZren esanetan, garrantzitsua da gaiak ireki duen eztabaida "isiltasunez ez estaltzea, eta gardentasunez eta erantzukizunez lantzea". Dena den, Ikerlanen oharreko baieztapenek zalantzak sortu dizkiete "eduki, koherentzia eta gardentasun mailan". 

Izan ere, "Ikerlanek dio 2024ko azarotik uko egin diola Israelgo estatuko enpresek edo erakundeek parte hartzen duten ikerketa, lankidetza edo garapen proiektu berrietan parte hartzeari. Orain arte, ordea, ez dute erabaki hori publiko egin. Langileei edo kooperatibako barne organoei jakinarazi zaie? Bestalde, zer gertatzen da 2024ko azaroaren aurretik martxan jarritako proiektuekin?", kuestionatu du BDZk. 

Taldearen bertsioa honakoa da: "CORDIS (Europar Batasuneko ikerketa-proiektuen webgune ofiziala) plataforman, gaur gaurkoz, Ikerlan oraindik proiektu horiei lotuta agertzen da. Ikerlanek berak onartzen du Herwingt proiektuan parte hartzen jarraitzen duela, 2025eko abendura arte. Proiektu honetan Israel Aerospace Industries (Israelgo defentsa ministerioaren hornitzaileetako bat) enpresa dago partzuergoan, gerra-industriaren hornitzaile nagusietako bat. Horrez gain, Extract proiektuan Ikerlan partaide gisa azaltzen da. Proiektu hau 2025eko abenduan amaituko da. Ikerlanek honako beste proiektuetan ere parte hartu zuen: ZDZW (Ikerlanek koordinatutako proiektua, Yoran Imaging LTDren parte hartzearekin), I4Q (Applied Materials Israel Ltd. enpresarekin batera) eta Reaction (Technomatics Technologies Ltd. markarekin)".

Hori guztia aintzat hartuta, "Ikerlanen eta Israelgo enpresen arteko kontaktua ez dela salbuespen isolatua izan" adierazi du BDZk, "baizik eta urte luzez luzatu den harreman lerro sistematiko bat".

Ikerlanek kaleratutako oharrean aipatzen da "Ikerlanen jarrera eta konpromisoa irmoak direla balio etikoekin, giza duintasunarekin eta eskubide unibertsalekin munduko leku guztietan". Horren harira, BDZren hitzetan, "jakina da Israelgo apartheid estatuak hamarkadak daramatzala palestinarren eskubideak urratzen. Kezkagarria iruditzen zaigu palestinar herria muturreko egoera honetara iritsi behar izana Ikerlanek birplanteatu dezan etorkizunera begira Israelgo enpresekin lankidetzan ez aritzea".

Bi eskaera Ikerlani

Beste mezu hau ere igorri du elkarteak: "BDZtik garrantzitsutzat jotzen dugu hemendik aurrera Ikerlanek ez duela parte hartuko ikerketa proiektuetan baldin eta enpresa israeldarrak tartean badaude. Era berean, Ikerlani eskatzen diogu konpromisoa hartu dezala adierazpen publiko hau palestinar herriaren eskubideak bermatu arte betetzeko (hau da, okupazioa amaitu, apartheid harresi ilegala desegin eta errefuxiatutako palestinarrak itzuli arte)".

Azkenik, azpimarratu du Ikerlanek "aukera eta gaitasuna" duela orain konpromiso hori Basque Research and Technology Alliance (BRTA) osora zabaltzeko: "Une egokia da aliantzako erakunde guztiek printzipio bera euren gain har dezaten bultzatzeko eta sustatzeko, hau da, Israelgo enpresa edo erakundeak barne dituzten ikerketa-proiektuetan ez parte hartzeko, ez programa europarretan, ezta edonolako lankidetza-formatutan ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak