Ikerlan enpresak ezeztatu egin ditu "Israelen genozidioarekin kolaboratzen" dabilela salatzen duten adierazpenak: "Kontrara, bat egin dugu Palestinan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa guztiak berehala eta modu definitiboan amaitzeko exijentziarekin".
Enpresako arduradunek zehaztu dutenez, "2024ko azarotik Ikerlanek uko egin dio Israelgo estatuko enpresek edo erakundeek parte hartzen duten ikerketa, lankidetza edo garapen-proiektu berrietan parte hartzeari, Euskal Herriko beste erakunde batzuek egin duten moduan".
Adierazpen horiek Arrasateko BDZk egindako salaketaren harira etorri dira: "2023tik Ikerlanek Herwingt proiektuan parte hartzen du, Israel Aerospace Industries (IAI) enpresarekin batera; IAI mundu mailan ezaguna da hegazkin eta helikoptero militarrak modernizatzeagatik, hau da, gerra-makineriaren lehen lerroko hornitzailea da. Horrez gain, Ikerlanek lotura dauka ZDZW izeneko iniziatiba batekin; bertako partaide da Yoran Imaging Ltd, Defentsako sektoreko enpresari batek sortutako enpresa israeldarra".
Bi proiektuotan parte-hartzeagatik, "gerra-makineriaren engranajean parte hartzen" aritzea leporatu dio BDZk Ikerlan teknologia-enpresari. Ikerlanek erantzun du Europar Batasunak finantzatutako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartzen duela, eta horietako hirutan –ZDZW, Extract eta Herwingt– Israelgo enpresak edo erakundeak ere badaudela, baina azpimarratu du "ez duela harreman ekonomikorik ezta transferentzia teknologikorik enpresa israeldarrekin".
Proiektu bakoitzean egindakoa
Proiektu bakoitzean izan duen egitekoa zehaztu du Ikerlanek. Herwingt proiektuan, "indukzio bidezko hegalen izotz-kontrako sistema berri baten garapenean" egiten du lan,"berotze-bobinak kontrolatzeko potentzia-elektronikan". Proiektu hori 2025eko abenduan bukatuko da, eta bertan "enpresa, zentro teknologiko eta erakunde desberdinak" daudela kontuan hartuta, "Ikerlanek IAI enpresarentzat garapen teknologikorik egin ez duela eta egingo ez duela" adierazi du. Epe berean bukatuko dute Extract proiektua, "kode irekiko software-plataforma bat eskainiko duena, lan-fluxuen bizi-ziklo osoa hobetzeko". Eta kasu horretan ere Ikerlanek dio ez duela Israelgo enpresendako garapenik egin.
ZDZW, bestalde,"ikuskapen ez-suntsitzaileko teknologia digitalak garatzeko" ikerketa-proiektu bezala definitu du Ikerlanek, "fabrikazio-prozesuetan sortutako akatsak eta hondakinak murriztea" helburu duena. Proiektua amaituta dago eta eta Ikerlanek baieztatu du kasu horretan ere enpresa israeldarrei teknologiarik ez diela transferitu.