Partidua irabaztea zen (96-81) kapitaina omentzeko modurik onena

Xabier Urtzelai 2025ko urr. 12a, 20:14

Ointxe!-ko gizonezkoen taldeko kapitain Martxel Balanzategi omendu dute gaur taldekideek, ligako bigarren jardunaldiaren atarikoan. Arrasatekoari urtetan etxeko klubean egindako lana eskertu diote, eta saskibaloia utzi berri duen honetan, normala den moduan kapitaina hunkitu egin da. 

Kirol bizitza osoa egin du Martxel Balanzategik Ointxe!-n. Hain justu duela urtebete aitortzen zion GOIENAri kosta egin behar zitzaiola erretiroa hartzea, taldekideen artean familia osatzen zutelako. Baina bizitzaren legea da, 1992an jaiotako arrasatearra dagoeneko talde nagusiko beteranoetako bat zen, eta denboraldi amaieran agur esatea erabaki zuen. Bada, aurretik ezer aurreratu ez badiote ere –ekitaldia sorpresaz antolatu dute– kapitainari ondo merezitako omenaldia egin diote, taldekideek pasilloa eginda, bere kamiseta oparituta, eta Xabi Igoak bertsoak ere kantatu dizkio. Hunkitu egin da Balanzategi, normala den moduan, eta ondoren etorri da taldekideek egin ziezaioketen oparirik onena, alegia, Salesianosen kontra partidua irabaztea (96-81). Aurrerantzean Iturripeko harmailetan zale bat gehiago izango da Martxel Balanzategi.

Bergarak ere irabazi egin du

Maila berean, Bergara KE Soraluce taldeko mutilek ere irabazi egin dute, 68-72 Dupla Agurainen kantxan. Asteburuko emaitzekin bergararrak laugarren daude sailkapenean, eta zazpigarren daude arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak