Martxel Balanzategik (Arrasate, 1992) bizitza erdia darama –ez da hiperbole bat– Ointxe!-ko lehenengo taldean, eta horrek, nahitaez, klubeko erreferentziazko jokalarietako bat bilakatu du. Talde nagusian bost entrenatzaile ezagutu ditu eta azken hamarkadan AEBetatik etorri diren hiru jokalarirekin partekatu du aldagela. Hala ere, kantxan gehien harritu duen jokalaria oraindik ondoan du. Dena ondo bidean, domekan kantxan izango dira biak, gainontzeko taldekideekin batera, liga hasteko gertu.
Saskibaloian zenbat geratzen zaizun galdetu dizuten bakoitzean euro bat emango balizute...
Dagoeneko etxebizitza bat izango nuke Kanariar uharteetan [Barre].
REF 3 mailan, baina, jokalari beterano dezente egongo da, ala?
Bai, badaude. Egia da harrobiko taldeek jokalari oso gazteak izaten dituztela maila honetan, jokalari gazteak zailtzeko eta goiko taldeetara salto egiteko erabiltzen dituztelako kategoria hauek. Baina, gurea moduko klubetan, herriko taldeetan, jokalari beteranook badugu lekua.
Bada, neuk galdetuko dizut: saskibaloia uztea pasatu izan zaizu burutik?
Bai, noski. Neure buruari ere galdetu izan diot hori. Baina ikusten dut kantxan oraindik ekarpena egiten dudala, entrenatzaileak aukera ematen didanean kalitatezko minutuak eskaintzen dizkiodala taldeari, eta hori ezinbestekoa da niretako. Eta bestalde, oraindik asko gozatzen dut saskibaloiarekin. Eta ez saskibaloiarekin bakarrik, baita taldekide hauekin ere. Seguruenik, horregatik jarraitzen dut; familia moduko bat sortu dugu, oso harreman estua dugu eta denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Bestalde, gaztetatik lehiatu garenok lehia bera maite dugu, bizipoza ematen digu horrek.
Egin dezagun urte hauetan guztietan izan dituzun entrenatzaileen errepasoa.
Junior mailako jokalaria nintzela Javi Zurbanok eman zidan lehenengo taldearekin debuta egiteko aukera. Alarcia, Gamarra, Kintana, Biain... Hainbat jokalarik kluba utzi zuten eta hutsune moduko bat geratu zen lehen taldean. Ez dut garai hartako oroitzapen askorik; gogoan dut bigarren taldearekin jokatzen nuenean lasaiago ibiltzen nintzela, lagunartean nengoen. Lehenengo taldearekin jokatzea beste kontu bat zen. Ondoren, Josu Larreategi etorri zen, eta profesionalismorantz pauso bat eman genuen. ACBko entrenatzailea izandakoa zen, eta igarri egiten zen denean; zorrotza zen: entrenamenduetan, partiduetan... Arri-rekin [Iñaki Ogara] gehiago ikasi nuen saskibaloiarekin gozatzen; nik saskibaloiaren gainean daukadan kontzeptua Arri-k barneratutakoa da, eta Eneko Matak jarraipena eman zion lan horri. Matak ez zeukan Arri-k komunikaziorako daukan gaitasuna, baina haren laguntzailea izan zen lehenago, eta ordura arteko lanari jarraipena eman zion. Eta azken urteotan Julen [Berrocal] etorri da klubera. Halakoetan, entrenatzaile batendako ez da izaten erraza jokatzeko estilo oso markatu bat daukan klubera etortzea. Lan horretan gabiltza denok, egokitzen.
Eta kantxan gehien harritu zaituen jokalaria nor izan den galdetzen badizut... Imajina dezaket Gasteiz aldera joango dela begirada.
Bai, jokalari on asko izan ditut ondoan, baina, zalantza barik, Martin Buesa nabarmenduko nuke. Klubak fitxatu egin zuela jakin genuenean harrituta geratu ginen: Baskoniarekin ACBko liga txapelduna gurera zetorren... Eta behin iritsita, erakutsi zigun munduko tiporik normalena zela, gutako bat gehiago zela, baina kantxan sekulako dohainekin.
Nahiz eta AEBetako jokalariekin ere jokatu duzun...
Bai, bai. Justin Satchell (2017) izan zen lehenengoa; oso maila polita zuen, baina ez zuen zorterik izan: Arrasatera etorri eta min hartu zuen segituan. Jordan Rutherford-ek ordezkatu zuen (2018), baina Jordan ez zen batere ondo egokitu. Eta oso ondo egokitu zena Zach Kirschbaum izan zen (2018). Zach bi urtez egon zen gurekin, arrasto polita utzi zuen, baina AEBetan familia zeukan eta pandemian itzultzea erabaki zuen. Tira, denek ezin dute esan euren ibilbidean taldekide amerikarrak izan dituztela [Barre].
Hastera doa liga txapelketa; oraindik urduritasun puntua sumatzen duzu?
Gaztetan moduan ez, baina bai, domekan partiduaren atarian sumatuko dut urduritasun hori, bai. Eta hori ona da; hori galtzen dudan egunean, erretirotik gertuago egongo naiz.
Azken urteotan kategorian erreferente bilakatu zarete; zelakoa izan zen iazko urtea?
Zapore gaziarekin amaitu genuen urtea eta horri buruz denboraldi amaieran gure artean zabal egin genuen berba, autokritika modukoa edo... Liga antolatuta dagoen moduan, gaur egun lehenengo bi sailkatuek izaten dute igoera faserako sailkatzeko aukera, eta iaz azkarregi geratu ginen lehia horretatik kanpo. Hori ikusi genuenean ez ginen gehiago lehiatu, edo ez behar den moduan, behintzat. Aurten ez da gauza bera gertatuko.
Ze aurreikuspen duzu?
Taldean iazko blokea mantendu dugu eta ilusioa eta motibazioa errekuperatu ditugu. Ikusteko dago kontrarioak zelan indartu diren, baina lesioek errespetatzen bagaituzte uste dut zerbait polita egiteko moduan egon gaitezkeela.
Orain emakumezkoak LF2ra igo dira; beste leku askotan ez moduan, klubetik ahalegin berezia egin da emakumezkoen saskibaloiaren alde.
Halaxe da; kantxan egindako lanaren saria jasotzen dabiltza. Gizonezkoen eta emakumezkoen artean harreman ona dugu; bereziki, taldea gora igo dutenekin dugu harreman estuagoa. Oso harro jarraitu dut egin dutena.