50 urte bete dira "indar errepresiboek" Iñaki Etxabe arrasatearra eta German Agirre bergararra erail zituztenetik. Urtemuga honen bueltan, bi debagoeiendarrak gogoratu ditu Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, Soilik iraultzak egingo die justizia lelopean egindako ekitaldi batekin. Jende ugari bertaratu da Biteri plazara, tartean Etxabe eta Agirreren senideak. Bertsoz hasi dute ekitaldia, eta ondoren, Kontseilu Sozialistako militante batek duela 50 urteko gertakizunak ekarri ditu gogora. Musikak ere izan du bere tokia. Hiru abesti kantatu dituzte: Benito Lertxundiren Gure bide galduak, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Añubek Etxabe eta Agirreren omenez idatzitako Kanpazar. Jarraian, aurreskua dantzatu diete oholtza aurrean zeuden Etxabe eta Agirreren argazkiei. Konteilu Sozialistako kide batek hartu du hitza hurrena, eta Eusko gudariak zein Internazionala elkarrekin abestuz eman diote amaiera ekitaldiari.
Krabelin gorriek protagonismo berezia hartu dute ekitaldian zehar. Hasiera batetik, bi krabelin ikus zitezkeen oholtzaren atzealdea estaltzen zuen pankartan. Baina, gerora, oholtzara igo den pertsona bakoitzak krabelin gorri batekin egin du, eta parte hartzea amaitutakoan, Etxabe eta Agirreren argazkien aurrean uzten zituzten. Ekitaldi ostean, bertaratutako hainbat pertsonak berdina egin dute, krabelin gorri bana eskainiz eraildako bi debagoiendarreri.
Omenaldi handiena "bide hori jarraitzea"
Etxabe eta Agirreren erailketak erregimen frankistaren "izaera krudela" agerian utzi zuela esanaz hasi du hitzartzea Kontseilu Sozialistak: "Hamarkada haietan kartzela, sasia, torturak zein erailketak eguneroko ogia bihurtu ziren". Hala ere, 78ko erregimenak aurreko guztiarekin amaitu beharrean, egoerak bere horretan mantendu duela salatu dute, demokraziarako bilakaera "fartsa hutsa" izan zela adieraziz: "Ezin gara, beraz, frankismoaren izaera kriminal eta errepresiboa seinalatzera soilik mugatu; izan ere, oro har, estatu kapitalistaren esentzia da antolatutako langileria gogor erreprimitzea, hau demokraziaren edo diktaduraren itxurapean egiten bada ere". Bide horretatik Euskal Herriak gerra zikina zer den ondo dakiela adierazi dute.
Hispanitatearen eguna ere izan dute hizpide, Euskal Herriaren "zapalkuntza nazionala" gaitzetsiz: "Gure herriaren zein beste herri zapalduen autodeterminazio eskubidean berresten gara". Haien ustez autodetreminazioa ez da etorriko "estatu espainolean erabat integraturik dauden PSOE, PNV eta EH Bilduren arteko akordioetatik". Euskal Estatu Sozialista baten aldeko apustua egiten dutela adierazi dute, gogoraraziz, "euskal langilegoaren askapen-prozesua mundu osoko langileriaren askapenarekin batera" emango dela.
Etxabe eta Agirre gogoratzeaz gain, "estatuaren errepresioa euren azalean bizi izan duten horiek ere" gogoratu nahi izan dituzte: "atxilotuak, torturatuak, beraien lurretatik ihes egin behar izan dutenak,...". Aministia osoaren aldeko aldarria egin dute bide honetatik. "Dena den, ezin gara oroimen hutsean geratu: gizarte bidegabe honen kontra altxatu ziren horiek bide bat egiten hasi ziren, eta bide hori jarraitzea da egin diezaiekegun omenaldirik handiena", gaineratu dute.
Faximoaren aurkako mezu batekin itxi dute hitzartzea. Azaldu dutenez, azken mendeetako borrokak erakutsi duen irakaspen handienetariko bat "soilik langile klase antolatuak salba dezakeela bere burua" izan da. Faxismoaren aurkako borroka proposamen zabalago baten baitan joan behar dela ere gogorarazi dute: "Faxismoa ez da desagertuko klaseetan zein zapalkuntzan oinarritzen den gizarte hau errotik konfrontatzen ez bada”.
Errepresioaren inguruko solasaldia
Etxabe eta Agirreren erailketaren bueltan Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatu duen egitarauaren baitan, Errepresio politikoa aztergai izeneko solasaldia egingo dute Kulturaten, hilaren 17an, 18:30ean. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko militante ohi batek eta Mugimendu Sozialistako militante batek emango dute solasaldia.