Dikar kooperatibak Ternua erosi du, lehiaketa-prozesuan bere eskaintza judizialki onartu ondoren Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak. "Eragiketa honekin lurraldearekiko konpromisoa eta euskal industriaren aldeko apustua sendotzen ditu Dikar-ek, bere proiektuan nazioarteko ibilbide sendoa eta tokiko errotze sakona duen outdoor sektorearen marka enblematiko bat txertatuz", adierazi du Arrasateko konpainiak, ohar baten bidez.
Hain zuzen ere, Ternua Group ekainetik dago borondatezko hartzekodunen lehiaketan, hilaren 13an aurkeztu baitzen Donostiako auzitegian, ezin ziolako 16 milioi euroko zorrari aurre egin. Haren hitzetan, orduko hartan jakinarazi zuenez, ehungintzaren sektorea "une kritikoa" igarotzen ari da mundu mailan, eta sektoreko marka nagusiak "kolokan" jarri ditu; baita Ternua ere, "eragin gogorra" izan baitu konpainian. Hala, Lehiaketa Legeak zehazten duenaren arabera, konkurtso administratzaile bat ari da konpainia zuzentzen, eta hark hartzen ditu ekoizpen unitateen etorkizunari buruzko erabakiak, horietatik irits daitezkeen eskaintzei buruzkoak, bai eta taldeko langileei buruzkoak ere.
Dibertsifikazio-estrategia gogoan
Dikar-en hitzetan, egin berri duen erosketa "dibertsifikazio-estrategiaren baitan kokatzen" da, eta "outdoor sektorean duen posizioa indartzen" duela uste du: "Sektore horretan Columbus markarekin jarduten baitugu, aire zabaleko jardueretarako ekipamenduan espezializatua. Horrela, Dikar-ek kirolaren eta mendiaren inguruko ezagutza sakona du, bai ikuspuntu teknikotik, bai kontsumitzailearen ulermenetik, oinarri sendo bat, zeinaren gainean proiektu bateratu lehiakorrago, jasangarriago eta nazioarteko hazkuntzara bideratuago bat eraikitzeko".
Hori dela eta, Ternua bereganatuta, adierazi du bi enpresek "sinergia naturalak" partekatuko dituztela produktuaren garapenean, marketinean, hornitzaileetan eta salmenta-kanaletan. "Dikar-en presentzia, gainera, indartu egingo da Europako merkatuetan eta merkatu digitalean, eta Amerikako merkatuarekiko mendekotasuna murriztuko da".
Aldebiko eragiketa
Erosketaren helburuaz ere jardun du Dikar-ek: "Nazioartean ospe handia duen euskal ikur honen industria, enplegua eta sustraitzea babestea, enpresa-proiektu sendo, nazioartekotu eta lurraldearekin konprometitutako baten barruan haren jarraipena bultzatuz, Mondragonen –Taldean integratutako kooperatiba bat baita– balioekin koherentea izanik". Are gehiago, erantsi du Ternuak "nortasun sendoa" emango diola Dikarri. "Batasun horrekin, Ternuak gihar industriala eta hedatzeko gaitasuna irabazten ditu eta Dikar, berriz, historia, asmo eta aintzatespen globala duen markarekin aberasten da, Euskal Herriko ekoizpen-sarea sendotuz eta hazkunde-eredu jasangarri eta kolaboratzailea finkatuz".
Loreak Mendian eta Lorpen
Ternua Group, Ternuak ez ezik, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markek osatzen dute; 180 langile dituzte guztira, eta Arrasaten dago egoitza nagusia, beste ekoizpen planta bat duen arren Etxalarren (Nafarroa). Bada, Ternuaz gain, beste adar batzuk ere erosten hasiak dira bestelako konpainia batzuk.
Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Borobitex enpresak erosiko du Loreak Mendian –2019an erosi zuen Ternua Group-ek–, Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak horretarako oniritzia eman ondoren duela egun batzuk. Azaldu dutenez, Raquel Egizabal Loreak Mendian-eko salmenta arduradunak, Victor Serna Loreak Mendian markaren sorreran aritutakoak eta Joseba Agirreurreta Ternuako bulegoetako arduradunetako batek ekainean sortu zuten Irunen (Gipuzkoa) egoitza duen konpainia, eta, orain, 800.000 euro ordaindu beharko ditu erosketa operazioan, hemeretzi langileak bere gain hartzearekin batera.
Loreak Mendian, gainera, ez da erosiko duten adar bakarra izango, Lorpenek –1985ean sortutako marka da, eta 2014an bereganatu zuen Ternuak– Etxalarren (Nafarroa) duen lantegiari eta han jarduten duten 50 langileei eusteko asmoz, enpresa berri baten izena eman baitute Nafarroako Merkataritza Erregistroan: Artain 25. David Uria Ternua Groupen industria zuzendaria, Gerardo Ameztoi taldeko kontseilari ohia eta Josune Cordoba administrazioko kidea ageri dira, zehazki, konpainia berri horren arduraduntzat.