Arropa onenak jantzi, eta kalera

Hasier Larrea 2025ko urr. 3a, 07:30

Iritsi da txikiteroen zaindariaren eguna. Gaur da Maritxu Kajoi, lagunarteaz modurik eleganteenean gozatzeko eguna. Poteo eta otordu, giro ederra sortuko da kalean.

08:00etan Santa Barbaratik botatako etxafuegoek gogoratuko dute, despistaturik balego, ze egun den gaur. Dotore aterako dira poteozaleak kalera, eta egongo da Maritxuri goiz-goizetik loreak eskainiko dizkion kuadrilarik. 49. Maritxu Kajoi bertan da, festa giroa lehertzear dago. Komisiñuak aipatu bezala, "egun hau behar bezala ospatzeko ezinbestekoa da taberna, jatetxe, komertzioa eta eskapulario-erosleen ekarpena". Baita oso elementu garrantzitsu bat ere: festa iragartzeko kartela. Badira lau urte Ane Agirre eta Miren Barrenetxeari enkargatzen diotela diseinua. Egileen esanetan, aurten gehiengoak erraz identifikatzeko moduko estetika landu dute: "Aurrez egindakoak politikoagoak ziren, eta Maritxutako klitxeak ez ziren hain agerikoak, beharbada. Oraingoan ohiko elementu horiei garrantzi handiagoa eman nahi izan diegu. Hala ere, mezu argiarekin, Maritxu Kajoi gorputz eta janzkera aniztasunean ospatzen dela, genero dikotomiatik harago".

Egitarauari dagokionez, 12:00etarako entzungo dira Burrunbazaleak txarangaren lehen doinuak. Ordu berean irekiko du Arrasateko Txosna Batzordeak Monteazpiko gunea, eta 14:00etan Palestinaren aldeko talde-argazkia aterako dute. Bigarren irekiera 18:00etan egin, eta, 22:30etik aurrera, DJek girotuko dute txosnetako musika.

Indarkeriarik ez

Beste behin, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarriko ditu Emakume Txokoak, Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ Sailaren eskutik. Batetik, indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izango da Arbolapetan, 18:00etatik 00:00etara, eta, bertan, gaian adituak diren emakumeek laguntza, informazio eta aholkularitza zerbitzua emango dute. Bestetik, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan, 00:00etatik 08:00etara. "Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Autodefentsa feministan emakume adituak aurkituko dituzu bertan. Horrez gain, espazioa irekita egongo da LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean", azaldu dute udal ordezkariek.

Bi gune horiekin batera, arretarako 688 80 91 37 telefono zenbakia ere erabilgarri izango dute emakumeek eta LGTBI+ komunitateko pertsonek, 18:00etatik 08:00etara; laguntza, informazioa eta aholkuak emateko egongo da kontaktu hori eskura.

Trafikoa eta TAO, moztuta

18:00etatik hasi eta biharamuneko 08:00etara, Otalora eta Zarugalde arteko kale zatiak zirkulaziorako moztuko dituzte: "Jai-gunearen eta alde zaharraren arteko jende fluxuaren segurtasuna bermatzeko neurri gisa hartu da erabakia", azaldu dute udal arduradunek. Dena den, salbuespenak izango dira bertako garajeetako ibilgailuentzat. Eta, era berean, larrialdi ibilgailuak eta hondakinen kamioiak ere bertatik igaro ahal izango dira. Herribusa, aldiz, ez da igaroko itxitako eremutik; ordu-tarte horretan San Frantziskoko biribilgunean eta Muxibarrekoan izango ditu behin-behineko geralekuak.

TAO sistema ere bertan behera geratuko da gaur. Ondorioz, aparkaleku-tasa ez da indarrean egongo, eta ibilgailuek ordaindu gabe aparkatu ahal izango dute TAO eremuetan. Kale mozketak, autobus zerbitzuaren egokitzapena eta TAOren behin behineko etetea behar bezala seinaleztatuko direla ziurtatu du udalak.

Autobusak eta taxiak

Maritxu Kajoi egunean garraio publikoen errefortzu berezia egongo da Arrasaten. "Helburua da herritarren joan-etorri seguruak bermatzea, kotxea hartzea saihestuta, herritarren mugikortasun iraunkorrak bermatzea", adierazi dute udal arduradunek.

Adibidez, taxi zerbitzua jarri dute landa auzoetan bizi diren bizilagunentzako. “Iaz jarri genuen lehen aldiz martxan landa auzoetarako taxi zerbitzu berezia, eta, azken jaietan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu” adierazi dute.

Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edota herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko emango dute zerbitzu hori, 22:00etatik 08:00etara. 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da 21:30etik aurrera, eta taxistekin hitzordua adostu. Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak.

Lurraldebus zerbitzu berezia ere jarriko dute gauean, eskualdeko herrien artean. Hori horrela, gaur gaueko zerbitzuak egongo dira, urteko gainerako larunbatetako linea (DG40G eta DG41G) eta ordutegi berberekin. Horrez gain, larunbat goizean Arrasatetik abiatzen diren autobus-lineek errefortzuak izango dituzte. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 30 03 40 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.

Miraria, Goienan zuzenean

Eguneko unerik ikusgarriena 20:30ean helduko da, orduan egingo baitu miraria Maritxuk. Herriko Plazara bertaratu ezingo direnek zuzenean jarraitu ahal izango dute saio berezia Goiena Telebistan eta goiena. eus-en. Eta, urtero bezala, photocall-a jarriko du Goiena Komunikazio Taldeak. Aurten, Herriko Plazan egon beharrean, Arbolapetan egongo da argazkiak ateratzeko aukera, 12:30etik 15:30era. Hain zuzen, Goiena Komunikazio Taldea 25. urteurrena ospatzen ari da, eta photocall-ak ere keinu egingo dio mende laurdeneko ibilbideari.

Inbutua Kooltur Ekintzari

Pasa den ostiralean hasi zen motorrak berotzen Komisiñua, Nobenaixuan. Maritxuren azpian, Herriko Plazara bertaratutakoak ardoa edan eta gazta jatera gonbidatu zituen, herriko Kooltur Ekintza eragileari inbutu preziatua eman aurretik. "Egia esan, ez genuen inondik inora espero; baina, biziki eskertzen dugu eta oso pozik gaude", esan zuen taldeko kide Iker Barandiaranek. Maritxu Kajoi Komisiñuak loreak bota zizkion taldeari. "Arrasatearrok argi ikusi dugu 2010etik kulturan gozamenerako leiho bat eskaini duzuela, sold-out eta plataformetako erreprodukzioen gainetik, kultura behar den moduan zabalduz", esan zieten

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak