Inbutu preziatua jaso ostean, urri betea du Kooltur Ekintzak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 30a, 12:22

Lukiek hirukotea gaztetxean izango da eguenean.

Aitortza jaso ostean, indartsu abiatuko dute Kooltur Ostegunen hamaseigarren edizioa, eta bost kontzertu egongo dira urrian. Etzi, eguena, izango da lehen emanaldia, Maritxu Kajoi bezperan, Lukiek taldearen eskutik.

Lukiek taldeak abiatuko du Kooltur Ostegunen hamaseigarrena. "Belako taldeko Josu Ximun Billelabeitiak sortutako taldea da, oso hirukote indartsua. 90eko hamarkadako grunge taldeak dituzte erreferente eta, jende gazteaz gain, nagusiak ere erakartzen ditu".

Bigarren taldea Peter and the Test Tube Babies izango da – urriak 9–. "Hainbatek sorpresa handia hartu dute. Ingalaterrako punk-rock talde ospetsua da, 1977ko punkaren etiketa dutenen artean. Erreferentziazko talde bat da, ez baitiote sekula jotzeari utzi. Haien lehen diskoak oso erreferentzialak dira jende askorendako eta, gerora ere, jarraitu dute diskoak argitaratzen. Topaketa berezia izango da nagusiendako eta punk zaleendako, nagusiki".

Bilboko Kak! taldeak hartuko du oholtza urriaren 16an. "Talde gazteak ere ekartzen ditugu, noski. 90eko rocka egiten dute, punk ukitu batekin, baina distortsio barik, eta euskaraz, ahotsei garrantzia handia emanda".

Urriko laugarrena Galder izango da; Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetan aritu izan den Galder Izagirre irundarraren taldea. "Iaz disko bat atera zuten, oso proiektu ezberdina, elektronika eta popa txertatuta, eta halakoek ere gurean lekua izan behar dutela uste dugu".

Bukatzeko, "aspaldiko lagun bat" dator: Mursego. "Koolturreko lehen denboraldietan egon zen, eta guretzat kuttuna da. Azkenaldi luzean soinu bandekin ari da eta, beraz, oso kontzertu gutxi ematen ditu".

Emanaldi guztiak gaztetxean izango dira eta 22:00etan hasiko dituzte. Sarrera zazpi euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak