ZainSare Gunea aurkeztu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 24a, 14:48

Nerea Rodriguez teknikaria; Monika Navajas ZainSare proiektuaren koordinatzailea; Maider Morras alkatea; eta Marga Garmendia Enplegu teknikaria.

Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Inklusioko Zuzendaritzak eta Grupo SSI taldeak elkarlanean abiatu dute ZainSare Gunea izeneko egitasmoa. Zapatuan egingo dute langileendako lehen hitzaldia. 

Etxeetan zainketak egiten dituzten langileei zein zaintza arloan lan egiteko interesatuta dauden pertsonei laguntza eta saretzea emango die ZainSare Guneak, eta helburua da zaintza lanen duintzea, profesionalizazioa, kalitatea, eta lan-baldintzak zein laneratzeko prozesuak hobetzea.

Zaintzan diharduten langileei baliabideak, orientazio soziolaborala, informazioa eta prestakuntza emateaz gain, laguntza emozionala eta soziala indartzea ere gura dute egitasmoaren sustatzaileek. "Hasierako pausoen artean daude zaintzaileak zaintzeko ekimena abiatzea, haien ahotsa entzunaraztea eta elkarri laguntzeko sare sendoa eraikitzea", azaldu dute.

Lehen hitzaldia, zapatuan

Irailaren 27an, zapatua, egingo dute lehen hitzaldia, zaintza arloko langileen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, 16:00etan, Iturriotz kaleko lokalean. Zaintza arloko langileei bideratuta egongo da eta hitzaldi horren bidez parte-hartzaileek aukera izango dute galderak egin eta zalantzak partekatzeko. Parte hartzeko, izena ematea komeni da, lotura honetan.

Bost saioko tailerra 

Langileen arteko saretze-tailerra egingo dute gero, eta parte-hartzaileek aukera izango dute haien beharrak eta nahiak partekatzeko, zaintza-lanaren balioa azpimarratzeko eta etxeetako zaintzaileentzako sare eraginkorra elkarrekin diseinatzeko. "Haien itxaropenak eta kezkak partekatu, beharrak identifikatu eta elkarri laguntzeko sarearen jarduerak proposatu ahal izango dituzte haien artean nola lagunduko duten elkar definitu eta gero", nabarmendu dute antolatzaileek.

Urriaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta azaroaren 8an egingo dituzte saioak, 10:00etatik 13:00etara, Grupo SSI Arrasateren egoitzan (Iturriotz Kalea, 21). Bost saio izango dira –15 ordu guztira– eta, amaitzean, parte-hartzaileek diploma jasoko dute. Tailerrean parte hartzeko ere izena eman beharko da, lotura honetan.

Familientzako saioa, geroago

Etxean zaintza lanetarako beharrak dituzten familientzako informazio saio bat ere egingo dute udazkenean. "Izan ere, ZainSare Guneak langileak interpelatzeaz gain, kontratatzaileei ere formazioa eta zalantzak argitzeko espazioa eman nahi die. Espazio honi esker, helburua da kontratatzaile eta kontratatuaren arteko lotura egitea", nabarmendu dute.

Harremanetarako, hainbat bide

Nerea Rodriguez izango da ZainSare Arrasateko teknikaria, eta hainbat bide egongo dira harekin harremanetan jartzeko. 747 42 58 58 telefono zenbakira deituta, edota lokalean bertan, eguazten eta egubakoitzetan, 09:30etik 14:00etara eta 14:30etik 18:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak