Arrasateko Udalak ZainSare proiektu pilotuan parte hartuko du

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 9a, 15:07

Gaur egin duten prentsa agerraldian, besteak beste, Maider Morras alkatea.

Gaur goizean egin duten prentsa agerraldian eman dute horren berri eta zaintzaileen lan-baldintzak hobetzeko helburua izango du Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak.

ZainSare proiektua Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Home Care Lab kooperatibaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, eta 2025-2026 epean egingo dute. Helburua, azaldu dutenez, hiru udalerritan –Arrasate, Ermua eta Amurrio– zaintza-lanen profesionalizazioa eta lan-baldintzen duintasuna sustatuko duten erreferentziazko espazioak ezartzea da.

Maider Morras alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez, ZainSare ez da soilik zerbitzu berri bat. "Zaintza-lanen aitortza sozial eta politikoaren aldeko urrats sendo bat da, eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko konpromiso kolektibo baten emaitza".

Zera gaineratu du alkateak: "Hasieratik izan dugu argi zaintza lanak duintzeko ekimena instituzioetatik ere bultzatu beharra dagoela, eta gure Gobernu Planean jasotako lehentasunetako bat izan da. Eta ez dugu asmo huts batean utzi: behin lanketa martxan jarri genuenean, hainbat ate jo ditugu, hainbat elkarrizketa ireki, eta horri esker iritsi gara gaurko egunera".

Bulegoa Iturriotz kalean

Dagoeneko arreta zerbitzua martxan dago, Iturriotz kaleko 21 zenbakian –SSI taldeak duen lokalean–. Zaintza lanen inguruko informazioa emango diete teknikariek herritarrei, izan langileak edota kontratatzaileak. Bulegoa eguazten eta egubakoitzetan zabalduko dute, 10:00etatik 14:30era eta 15:00etatik 18:30era –abuztuan, itxita–.

ZainSare espazioek hiru norabidetan egingo dute lan:

  • Zaintzaileen eta etorkizuneko langileen orientazioa, prestakuntza, enplegu- konektibitatea eta elkarlaguntza sustatzea, lan baldintzak hobetzeko.
  • Enplegatzaileei informazioa eta aholkularitza eskaintzea.
  • Administrazio publiko eta komunitateko eragileei ezagutza sortzea eta politika publikoak hobeto diseinatzen laguntzea.

Informazio gehiagorako, bi bide jarri dituzte herritarren eskura: zainsare@arrasate.eus helbide elektronikoa edo 747 42 58 58 telefono zenbakia.

Mugimendu feministari aitortza

Morrasek azpimarratu du mugimendu feministak egindako "lan historikoaren" fruituetako bat dela ZainSare: "Hainbat erakunde zaintzaren inguruan hitz egiten eta neurriak hartzen ari bagara, ezin dugu ahaztu hori guztia herrigintzatik mugimendu feministak urte luzez egindako lanari esker posible izan dela. Eta, bereziki aipatu nahiko nuke Bizitzak Erdigunean ekimenak 2023ko azaroan antolatutako Greba Feminista Orokorra, zaintzaren inguruan benetako gizarte-gogoeta piztu zuena eta instituzio guztiak interpelatu zituena zaintzak erdigunean jartzeko premiaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak