Partidu bakarrean hasi eta bukatu duzue Errege Kopako ametsa; nolako sentsazioekin zaudete?
Iaz lortutako sari bat zen heinean, disfrutatzea zen helburu nagusia. Noski, kanporaketa gainditu izan bagenu, pozarren egongo ginateke. Baina gaurko lana
hotzean aztertu behar dugu guztiok, eta aterako dizkiogu gauza onak. Oso indartsu hasi gara, eta bi goleko errenta hartu dugu, eta zaleak hasieratik sartu dira partiduan. Horrekin geratzen naiz ni.
Hasiera pentsaezina izan da, baina Lauburuk erakutsi du zergatik den Bigarren Mailako taldea.
Halako taldeen kontra ezin da hutsik egin. Erritmo oso azkarrekin jokatzen dute eta jokalari erabakigarriak dituzte. Teknikoki oso onak direnak. Gainera, defentsan oso onak dira. Ez dute zirrikiturik uzten. Fisikoki ere gu baino gehiago izan dira, edo hobeto heldu dira amaierako minutuetara. Eta, hala eta guztiz ere, 30 minutuz lehiatzen jakin dugu, Lauburuk bosgarren gola sartu arte. Ostean, arriskatu egin behar izan dugu.
Atezain-jokalari figura ere erabili duzue.
Alde horretatik, arriskatu egin gura izan dugu. Beste aukera batzuk bilatu. Oraindik ez daukagu oso ondo landuta atezain-jokalariaren figura, baina saiatu egin behar genuen. Bigarren zatiko gol zaparrada gehiegizkoa izan dela uste dut.
"LAUBURUK ERAKUTSI
DU ZERGATIK DAGOEN
BIGARREN MAILAN;
JOKALARI
ERABAKIGARRIAK DITU
Errege Kopatik kanporatu, eta badator liga txapelketa; hori da aurtengo helburu nagusi eta bakarra.
Jokin Vazquezek eta nik esan diegu jokalariei zein den gure helburua: igoera. Laubururen kontra jokatu gura dugu, baina ligan. Azken bi urteetan ez dugu lortu, eta bada ordua. Baina, horretarako, lehen jardunalditik hasi behar dugu partiduak irabazten. Liga hasieran gal daitezkeen puntu horiek oztopo izan daitezke aurrerago.
Zein da talde honen indargune nagusia, Arkaitz?
Taldearen bizkarrezurra osatzen dutenek aspaldi jokatzen dute elkarrekin. Azpimarratuko nuke jokalari oso onak ditugula. Are gehiago, postu zehatz batzuetan, ligako jokalari onenak gureak dira; eta hori ezinbestekoa da. Iaztik jokalari multzo berbera mantentzen da. Bi jokalari berri etorri dira. Osagai guztiak ditugu txapelketa ona egiteko, eta lehenengo lekuan bukatzeko. Baina oinak lurrean ditugula irtengo gara kantxara.
Eta beti izango duzue zaleen hauspoa.
Hori ezin da ezerekin ordaindu. Musakola beti dago beteta, eta asko eskertzen da hori. Beste kantxa batzuetan ez da halakorik ikusten, nahiz eta gure zaleak
edonora joaten diren.