Irailaren 25ean abiatuko du ikasturtea Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 17a, 15:00

Filipa Balbina. (Argazkia: bea-payasa.com).

Hiru artista gonbidatu dituzte Kulturateko oholtza hartzera egitarau berriari hasiera emateko: Ane Zubeldia, Olatz Urkia eta Bea Larrañaga, hurrenez hurren. Hirurek ikastaro bana emango dute Jabetze Eskolan. Irailaren 25eko emanaldia 19:00etan hasiko da, Kulturateko areto nagusian.

Irailaren 25ean abiatuko du ikasturtea Emakume Txokoak. Lehenik, Ane Zubeldiak errezitaldi labur bat egingo du. Hainbat esparrutan aritzen den sortzailea da, besteak beste, musikan, dantzan eta literaturan, eta Eider Adeletxerekin batera, Mejillon Tigre kolektiboko kide da –azken hilabeteetan Hitz esana poesia emanaldiak egin dituzte– Bestalde, maiatzean, Kontra poesia liburua idatzi argitaratu zuen Zubeldiak. Era berean, Suzko idazketa tailerra egingo du Jabetze Eskolan.

Olatz Urkia musikari eta musika irakasleak formatzaile lanetan dihardu Jabetze Eskolan. Kantuan elkarrekin aritzeko gune bat bideratzen du, emakumeak, ahotsaren eta musikaren bidez, saretzeko eta ahalduntzeko helburuarekin. Elkarrekin, emakume abeslarien kantutegia bat osatzen ari dira gune horretan, emakumeen ahotsak eta lanak lehen lerrora ekartzeko. Hain zuzen, gune horretako hainbat emakumeren laguntza izango du datorren asteko emanaldian, elkarrekin egingo duten errezitaldi laburrean. 

Ondoren, Bea Larrañagaren Filipa Balbina, Klown emakumeak historian ikuskizuna izango da. Hainbat diziplinatako artista da Larrañaga, eta arte eszenikoetan hogei urtetik gorako eskarmentua du. "Klown antzerkiaren eta komedia fisikoaren artista amorratua da, eta jolasa eta gizarte-mugimendua ditu inspirazio-iturri", adierazi dute Emakume Txokoko kideek. "Umorean barna dabil, eta iraultzarako eta hausnarketarako tresna dela adierazten du".

Hala, historian izan diren "emakume pailazoak" ezagutuko dituzte ikus-entzuleek Filipa Balbinarekin. "Gaur egun dauden pailazo asko ezagutuko ditugu eta etorkizunari ikuspegi komiko feministago batekin begiratuko diogu", nabarmendu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak