Emakume Txokoaren Jabetze Eskolak emango dituen hamaika ikastaroetako, lau tailerretako eta gune iraunkorretako azalpenak eta informazio praktikoa jasotzen ditu Emakume Txokoaren liburuxka berriak, dagoeneko etxeetara bidali dutenak.
Jabetze Eskolak, azaldu dutenez, formazioa eta saretzea izango ditu ardatz, orain arte moduan. "Eskolak espazio bat ematen du errealitateari ikuspegi feminista batetik erreparatzeko, emakumeek* euren eskubideen jabe egin eta eraldaketarako eta ahalduntze pertsonalerako zein kolektiborako tresnak eskuratu ditzaten".
Era berean, emakumeen* zapalkuntzak dituen egiturazko sustraiak identifikatu eta horiei aurre egiteko hausnarketa sustatu nahi du eskolak, hainbat eremutan lanketa propioak eginez: osasunean, sormenean, gorputzean, parte hartzean, harremanetan…
Formatzaile eta ikastaro berriak
Askotariko ikastaroak egingo dituzte, hala nola eskalada, kantua, sendabelarrak, diafreoa eta norbere buruaren zaintza ikastaroak. Gainera, formatzaile eta ikastaro berriak ere izango dira aukeran, besteak beste, honako hauek: tratu ona eta negoziazioa, Beatriz Feijoorekin; mugimendu kontzientea, Isabel Kirzek zuzenduta; sormen laborategia, Alaitz Muro arte terapeutarekin; eta suzko idazketa tailerra, Mejillon Tigre taldeko Ane Zubeldiarekin.
Irakurketa feministen gunea
Luciana Alfarok dinamizatzen duen irakurketa feministen gunea, halaber, urriaren 2an jarriko dute martxan eta lau saio antolatu dituzte, hilean behineko maiztasunarekin, abenduaren 12ra bitartean.
Gabriela Wiener, Arrasaten
Abenduko hitzorduan, Gabriela Wiener idazlearen azken bi liburuen aurkezpena bideratuko dute –Huaco Retrato eta Atusparia–. Idazlearen bisita baliatuta, emakume migratuei zuzendutako idazketa tailerra prestatu du Jabetze Eskolak. Hala, Muga zauri irekia da izenburupean egingo duten tailerrean emakume migratuen hitzak garrantzitsuak direla aldarrikatuko dute, eta entzunak eta irakurriak izan behar dutela. Bestalde, aztertuko dute emakume migratzaileen eguneroko istorioek nola uztartzen duten generoa, indarkeria koloniala eta arrazakeria.
Emakume migratuendako tailerra
Emakume migratuei propio eskainitako topaketarako eta ahalduntzerako gunea ere abiatuko dute, Marisol Abreuk dinamizatuta bi astean behin egingo dutena. "Espazio irekia da eta helburu nagusia du emakume migratuak elkarrekin topo egitea eta elkar babestea; botere pertsonal eta kolektiboaren berezko gaitasuna, konexioa eta segurtasuna aurkitzea".
Azkenik, irrintzi tailerra, autodefentsa feminista tailerra eta Sistema perreatuz tailerrak borobiltzen dute Jabetze Eskolaren proposamena, "lanketa kolektiborako gune indartsuak" emanez.
Ikasturte hasiera, hilaren 25ean
Emakume Txokoaren egitaraua irailaren 25ean abiatuko dute, eta ikuskizun nagusia Bea Larrañagaren Filipa Balbina klown ikuskizun-dokumentala izango da. "Umorea ardatz, emakume pailazoen genealogia ariketa bat egingo du Jabetze Eskolan ere formatzaile arituko den artistak", azaldu dute. Kulturateko areto nagusian egingo dute, 19:00etan hasita.
Mejillon Tigreko Ane Zubeldiak eta Olatz Urkia musikariak emango diote hasiera ekitaldiari, errezitaldi labur banarekin. Biek ala biek ikastaroak emango dituzte Jabetze Eskolan eta emanaldiak haien lanaren nondik norakoetara hurbiltzeko aukera emango du.
Informazio gehiagorako, honako hau da Emakume Txokoaren ordutegia: astelehenetik eguenera, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Halaber, 943 79 41 39 (bulegoko ordutegian) eta 618 206 233 (Whatssappez) telefono zenbakiak ere erabili daitezke, baita emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikoa ere.