Idoia Herrarte bidai-zale arrasatearra hil da, Perun

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 16a, 16:50

Arrasatekoa izanik, Gasteizen bizi zen Herrarte eta herrialdez herrialde ibiltzen zen bidaiatzen, bizikleta lagun izanik. Perun hil da, bizikletarekin istripua izanda.

Kultura ezberdinak ezagutzea maite zuen Idoia Herrarte arrasatearrak, 2023ko irailean Goiena telebistaren Uda Giroan saioan eginiko elkarrizketa batean azaldu zuenez. India iparraldean izan zen orduko hartan, Kaxmir inguruan, eta bidaiaren nondik norakoez aritu zen hizketan. Mendi-zalea ere bazela aitortu zuen, eta hainbat ibilaldi egin zituela Indiako ingurune horretan. Ekuador eta Kolonbia zituen, besteak beste, begiz jota hurrengo bidaietarako, eta bien arteko mugakide den Perura, behintzat, iritsia zen; hala ere, bizikletarekin istripu bat izan, eta hil egin da.

Bizikletan eta zakutoekin astebeteko lagunarteko txangoak egiten hasi zen Herrarte, Puntua aldizkariaren 373. zenbakian argitaratutako Bidaiatzeko nahi beste aukera erreportajean adierazi zuenez. Hala ere, aurretiko erretiroa hartu ondoren, amets bat betetzeko erabakia hartu zuen: Patagonia bisitatzea. 2022ko urtarrilean izan zen hori, eta, orduz geroztik, beste hainbeste bidaia egin zituen, lagunartean zein bakarka. Haren hitzetan, nahiago izaten zuen lagunekin bidaiatu, baina bakarrik bidaiatzeak ere ase egiten zuela aitortu zuen: "Bakarrik bidaiatzeak, ateak itxi baino, ireki egin dizkit gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak