Plaza Bizi ekimena aurkeztuko dute egubakoitzean, jai batekin

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 16a, 15:00

Plaza Bizi jaia deitu diote eta irailaren 19an egingo dute, 16:30etik 20:00etara, Arimazubi inguruan. Herritarrak erdigunean jarten dituen herri-eredu baten aldeko ekimena da Plaza Bizi, "bizigarritasuna, osasuna eta gizarte-harremanak hobetzeko".

Arimazubi auzoan bi urtez garatuko den prozesuak espazio publikoak berreskuratzea, mugikortasun jasangarria sustatzea eta komunitatea inplikatzea du helburu. "Herritarrekin elkarlanean, etorkizun inklusibo, seguru eta iraunkorra eraikitzea bilatzen du", adierazi dute.

Ekimenak hainbat erronka ditu: garraioaren erabilera birplanteatzea; espazioen bizigarritasuna sustatzea; eta ohitura eta pertzepzioetan aldaketak bultzatzea, baita elkarlanerako ereduetan ere. "Bizitza aktiboa sustatuz, natura babestu eta berreskuratuko litzateke eta, horri esker, gizartean ongizate mental eta emozionalean eragina izatea lortuko dugu".

Jaian, lau eremu

Plaza Bizi jaia lau eremutan banatuta egongo da. Batetik, A eremuan, Txatxipilurdik haurrentzako balance bike zirkuitua eta eskulan tailerra egingo ditu eta Think Fast-ek, esku hartze artistikoa.

B eremuan, informazio guneak izango dira: Plaza Bizi, Ciclogreen aplikazioa, jarduera fisikoaren onurak eta Iturripeko proiektua.

C eremuan, bestalde, Oreka Cycling Spacek bizikleten erakusketa jarriko du, mantentze tailerra egitearekin batera, 17:30ean.

Azkenik, D eremua, Santa Barbara, haur eta familien jolasgunea izango da. Hori dela eta, ur-bideak, buztina, mandalak eta lokatzarekin artea egiteko aukera izango da. Horrekin batera, bisita gidatuak egingo dituzte Santa Barbarako ondare historiko eta naturala ezagutzeko, Anabel Ugalde eta Anton Zabaletaren eskutik. Arrasate pasealekutik hasiko dira, 17:00etan.

Zozketa egingo dute

Jaia amaitzeko, zozketa bat egingo dute eta Oreka dendan gastatzeko 300 euroko bonua izango da saria. Arimazubi plazan egingo dute zozketa, 20:00etan.

Bukatzeko, nabarmendu dute,  jaialdia herritar guztientzat zabalik egongo dela. "Elkarrekin espazio publikoa ospatzeko, ingurunea biziberritzeko eta etorkizun seguruago, inklusiboago eta iraunkorrago baten aldeko pausoak elkarrekin emateko aukera ezin hobea izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak