Puntua aldizkariaren 467. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Harekin hitz eginez gero gezurra badirudi ere, 1972an Arrasatera irakasle lanetara etorri aurretik Madrilen jaio eta bizi izan zen Margari Gorrotxategi. Egun, jubilatuta dago, baina ez etxean eta geldi. Sasoibide sortu izana da horren adibidea.
Sasoibideren sortzaile izateagatik ezagutuko zaituzte askok; beti izan zara ariketa fisikoa egitekoa?
Ez, ni beti hirikume samarra izan naiz. Mendira joaten nintzenean, erromeria zegoelako izan ohi zen; bestela, zertarako? Gaur egun, aldiz, nire bizitzak beste buelta bat eman du eta sarri pentsatu izan dut zenbat aukera galdu izan ditudan. Edo, hobeto esanda, zenbat gauza eskuratu ditudan orain. Nola sortu zen Sasoibide martxan jartzeko ideia? Oinarria izan zen ordurako sendagileek esaten zutela osasuntsu egoteko egunero batez beste ordu bat edo bi ibili behar genuela. Era berean, Bizipozekoekin erretiro aurreratuari buruz egindako ikastaro baten baitan proiektu bat garatu behar izan genuen Lorea Iregik eta biok, eta proiektu hura taldean ibiltzearen ingurukoa izatea bururatu zitzaigun. Egitasmoak, gainera, Aquarius beken finalera eroan gintuen, eta, horren ostean, ideia teorikoa zena errealitate bihurtzea pentsatu genuen.
Zazpi urte pasatu dira ordutik; zeuri zer ekarri dizu?
Gauza asko. Batetik, neure burua beste nonbaiten kokatzea. Ingurune fisikoa ezagutzeko balio izan dit, adibidez. Nik ordura arte Arrasateko kale inguruak ezagutzen nituen, batez ere, baina Sasoibide dela-eta inguruak ere ezagutu izan ditut, talde bat gidatzeak dakarren ardurarekin, gainera: bideen inguruan galdetu, horiek ezagutu eta probatu... Hainbat abentura ere izan ditugu horren harira! Eskerrak Loreak nik baino hobeto ezagutzen zituen herriko ingurune naturalak. Beste alde batetik, jendearekin beste harreman bat ere ekarri dit. Irakasle bezala ikasleekin eta haien gurasoekin harremandu izan naiz urteetan, baina Sasoibidek bestela sortutako harremanak ere ekarri dizkit, norbere ohiko esparrutik kanpo dagoen jendea ezagutzeko modua izan da.
"TALDE BATEAN, ASKOTAN, NORBERE ADINA ESATEAK TALDEKOEN ARTEKO HARREMANA BALDINTZATZEN DU"
Zein da gizarteari egin dio ekarpenik esanguratsuena?
Hasteko eta behin, nabarmenduko nuke ekimen irekia dela eta ez duela konpromiso finkorik eskatzen; parte hartzeko orduan askatasuna eskaintzen du: jendea nahi edo ahal duenean etorri daiteke, azalpenik eman beharrik izan gabe. Egia da, baina, gehienek astero parte hartzen dutela. Niri gertatu bezala, jendeari Arrasate eta inguruak hobeto ezagutzeko ere balio izan dio. Horixe da gure helburuetako bat: irteera amaitutakoan, hastean baino zerbait gehiago jakitea. Pertsona ezezagunen artean harreman- sarea ehuntzeko lagungarria izan da.
Zein da Sasoibideko parte-hartzaileen profila?
Ideia garatzen hastean emakumeentzat bakarrik izatea burutik pasatu zitzaigun arren, berehala erabaki genuen horrelako mugarik ez jarri eta ekimena 55 urtetik gorako edozeini zabaltzea. Hala ere, egia da emakumezkoak datozela, batez ere. Adinari dagokionez, hasieran 62-70 urte artekoak ginen gehienak. Kontua da adinean aurrera egin ahala eta egora fisikoa tarteko hasierako jende asko uzten joan dela. Baina edadetuenak uzten joan diren heinean, jende berria sartu da taldean. Eta deigarria da ahoz ahokoari esker animatu izan direla; kartelak-eta jarri izan ditugu hainbat tokitan, baina datozenek esaten diguten beste batzuek gomendatuta datozela.
Zergatik animatzen dira, batez ere, emakumeak?
Denok dugu harreman pertsonalak lantzeko beharra, eta esango nuke gizonezkoek kuadrillan, txikiteoan, pilota partiduetan... errazago topatu dutela horretarako aitzakia. Emakumezkook, aldiz, Sasoibide bezalako ekimenak sortu behar izan ditugu horretarako. Eta pena da, taldeetan gizonezkoak eta emakumezkoak, denak batera eta nahastuta egotea aberasgarriagoa delako.
Sasoibideren bidez Arrasateko Nagusien Kontseiluko kidea ere bazara, eta Goienagusi ekimena ere hor dago. Duela urte batzuekin alderatuta, erretiratu osteko bizitza ezberdin planteatzen da egun?
Bai. Nik pena handiarekin hartu nuen erretiroa, eta arrazoietako bat zen ez nekiela horren ostean zer egin. Izan ere, sukaldaritzak, eskulanek... ez naute betetzen; beste batzuk, akaso, bai, baina ni ez. Lanetik erretiratu nintzen ni, ez bizitzatik. Sentitzen nuen, eta orain ere halaxe sentitzen dut, hazten jarraitu nahi nuela, amandre edo etxekoandre bakarrik izatera mugatu barik. Ulertzen dut jendeak hori nahi izatea, baina nik ez nuen horrelakorik nahi, eta hemen Goienagusik eta beste leku batzuetan antzerako beste ekimen batzuek duten arrakastak erakusten du nire iritzi bereko jende asko dagoela. Erretiratu aurretik nolakoa imajinatzen nuen erretiroa hartu osteko bizitza? Lana, seme-alabak, etxea, neure burua... Horiekin guztiekin ez neukan horrelakoetan pentsatzeko astirik. Ikusten nuen bakarra zen jendea, erretiratzen zenean, Benidormera joaten zela. Eta nik ez nuen horrelakorik baztertzen, e? Izan ere, asko gustatzen zait bidaiatzea, baina denbora guztian bidaian aritzea ere... Neurri batean, beti ihesean ibiltzea bezala iruditzen zitzaidan. Nik neuk beste zerbaiten beharra neukala ikusten nuen. Dena den, hori oso pertsonala da.
"ENTZUTEN DITUDAN BATZUK ENTZUNDA, ERRUKIA SENTITZEN DUT EGUNGO IRAKASLEEKIKO"
Orain dela hilabete batzuk, Goiena telebistan izan zinen, adinkeriaz hitz egiten; askotan sufritu duzu zuk zeuk?
Adinkeria adin guztietan gertatzen da: umetan, gaztetan eta nire adinean. Niri, adibidez, ez zait gustatzen nire adina esatea edo nire adinean pentsatzea. Batetik, nik neuk neure burua mugatzen dudalako: dudan adinarekin hau edo bestea egingo dut? Eta horrelakoetan pentsatu gabe, aurten, adibidez, danborradan parte hartu dut lehen aldiz. Eta talde batean egonda ere, askotan, norbere adina esateak taldekoen harremana ere aldatu eta baldintzatu egiten du. "Duzun adinarekin egiten duzuna egiteak zelako meritua duen!" edo: "Kontuz duzun adinarekin hau edo hori egitean"; horrelakoak entzutea ez zait gustatzen.
Nolakoak gogoratzen dituzu San Frantzisko Xabier ikastolan irakasle emandako urteak?
Badakit gaur egun gazteen lan-bizitza askotarikoa izaten dela, baina nik ez dut beste lanbiderik probatu: han hasi nintzen irakasle, 1972an, eta, ikastolak bere garapena izan zuen arren, han ibili nintzen erretiroa hartu arte. Niretzat betiko zen ametsa irakasle izatea, eta ikastola batean aritzea, gainera, izugarria izan zen! Hezkuntzan izan diren berrikuntza guztiek harrapatu naute, eta horrek behartu izan nau gauza asko ikastera, ordura artekoak zalantzan jarri eta berriak eraikitzera; baita talde-lanean aritzera ere. Intelektualki oso bizia izan da niretzat; irakasle bezala urte askotan irakatsi dut, baina baita asko ikasi ere.
Gaur egungo egoera ikusita, zertan egin du hobera eta zertan txarrera Hezkuntzak?
Entzuten ditudan batzuk entzunda, errukia sentitzen dut egungo irakasleekiko. Gurasook beti nahi izan dugu onena gure seme-alabendako. Kontua da lehen gurasoak eta irakasleak, guztiok geundela ados printzipio batzuetan; gaur egun, aldiz, badirudi gauza asko zalantzan jartzen direla gurasoen partetik. Lehen, ikasleek sekula ez zuten esaten: "Ikusiko duzu, gurasoei esango diet!"; eta uste dut gaur egun horrelakoak entzuten direla. Motzak edo luzeak izan, umeak mugak behar ditu; bestela, galduta ibiltzen delako. Adimen artifizialarekin, gainera, maila guztietako ikasleek eskura dituzte jakin beharreko eduki guztiak; hortaz, zein da Hezkuntzaren papera? Ez dakit irakasleek orain arte jaso duten formakuntza horrelakoei erantzuteko nahikoa den. Ataka handian ikusten dut Hezkuntza.
Ez zara Arrasaten jaioa, Madrilen baizik; nolatan heldu zinen bertara?
Madrilen jaio nintzen, baina familiak Azpeitiarekin eta Bidaniarekin zituen loturak, eta sarri etortzen nintzen Euskal Herrira. Kontua da bizitzak Arrasateko mutil bat ezagutzea ekarri zidala, eta hark esan zidala: "Euskalduna izanda zer egiten duzu Madrilen? Etorri Arrasatera!". Eta horixe egin nuen. Ilusio izugarriarekin etorri nintzen, oso gazte ikastolara lan egitera. Arrasate herri txiki bat zen; ez, behintzat, gaur dena. Baina nik behar nuen guztia zuen: lana, maitasuna eta nire familia osatzeko aukera. Oso eskertuta nago. Ni ez naiz Arrasatekoa, Arrasatekoek beste nortasun bat dutelako, baina asko gustatzen zait: duen bizitasuna, ekimena, zerbait egitea ezinezkoa denik ez pentsatzea... "Ingou!" esan eta elkarlanean gauzak lortzea; horixe da Arrasateko eta bailarako idiosinkrasia. Egia da Madrilen aldean herriek babesa ematen dutela, baina, era berean, kontrola ere handiagoa dela; herritarren jarrerak, portaerak, baldintzatu eta mugatzen saiatzen da herrietan. Hori gertatzen da, esaterako, ezberdin janzten direnekin. Ausarta ere izan behar da horrelakoetan. Dena den, Arrasate, alde horretatik, ez da hain txarra.
"ARRASATEKO ETA BAILARAKO IDIOSINKRASIA 'INGOU!' ESAN ETA GAUZAK ELKARLANEAN LORTZEA DA"
Hona etortzerako euskara bazenekien?
Etxean ikasi nuen, esan moduan txikitan udan beti itzultzen nintzelako familiaren baserrira. Madrilgo urbanita bat nintzen, baina, nire anaia ez bezala, ni beti hona begira egoten nintzen. Nire adineko lehengusu asko neuzkan, eta festarik festa, erromeriaz erromeria ibiltzen nintzen haiekin. Etorri nintzenean, baina, euskara batuarekin, euskaraz irakurri eta idaztearekin... pilak jarri behar izan
Iraganeko edozein garai hobea zela esan ohi da; zure kasuan, horrela bizi duzu?
Inguruan jendea falta zaizunean beti atzera begiratzen duzu. Alde horretatik, bai, pasatutakoak hobeak dira. Lagunak edo etxekoak galdu izana gainditzea niri oso zaila egiten zait, hutsunea hor dago. Baina, bestela, garai guztiek dute berea; ni ikasten ari naiz orain ere, garatzen... Falta dinenengatik bakarrik bueltatuko nintzateke denboran atzera.