Nagore Etxabe 'Antuxuna': "Euskal kantutegia eta elektronika batu ditut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 5a, 12:03

Arrasateko Udalak antolatzen duen Oreixe Akustikoa musika zikloa zabalduko du gaur, Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:30ean hasita; sarrerak, bost eurotan.

Eskarmentua du Nagore Etxabe Etxabek (Zumaia, 1989) musikagintzan; proiektu pertsonalarekin izango da gaur Arrasaten.

Urteak daroazu musikagintzan, eta talde askotan ari zara.

Askotariko estiloetako proiektuetan ibili izan naiz; horren adibide da aldi berean hasi nintzela Zira pop taldean, country, rock eta psikodelia oinarri zituen Low Riders-en eta Ezten Giro erromerian. Egun, Andoni Ollokiegirekin eta Mairu eta Mingofisuras taldeetan dihardut.

Proiektu pertsonala duzu Antuxuna; noiz abiatutakoa?

Bizpahiru bat urte izango dira, gutxi gorabehera, oholtzan aurkezten hasi nintzenetik. Egia da, baina, Euskal Herrian baino kanpoan jotzeko aukera izan dudala gehiago. Arte Ederrak ikasi nituen, eta hor ikusi nuen artea eta teknologiak batuta ohiko musika proiektuetatik haragoko zerbait egiteko aukera; proiektu pertsonala izateak askatasuna ematen dit, batetik, baina baita ardura ere, musika eta bestelako arlo guztiak niregan daudelako, baina oso gustura ari naiz, asko ikasten.

Folk teknologiko moduan definitzen duzu egiten duzuna, eta nahasketa bitxia da.

Euskal kantutegi zaharraren eta elektronikoaren arteko uztarketa da; elektronika bai, baina diskoteketarako izan gabe. Bateria da nire ohiko instrumentua, baina proiektu horretan ordenagailuekin jarduten dut, horrek ematen dit askotariko instrumentuen doinuak erabiltzeko bidea.

Euskal kantutegitik tiraka, kantu ezagunak dituzu errepertorioan?

Batzuk bai, baina beste batzuk ez horrenbeste. Saiatu naiz ezagutzen ditugunak ez abesten eta ikerketa-lan baten ondorioz hain ezagunak ez direnak bilatzen, niretzako ere sorpresa izan dadin, erromeria taldearekin hamaika kantu ezagun jotakoa naiz eta.

Entzuteko bai, baina begiekin gozatzekoa ere bada zure eskaintza.

Beste taldeekin kontzertu arruntak egiten ditut, eta bestelako ikuskizun bat eskaini nahi nuen; bada, irudiekin, proiekzioekin eta argiekin jolasten naiz.

Bakarrik zaude taularen gainean eta atzeko lanetan ere bai?

Normalean, bakarrik joaten naiz ikuskizunetara, nahiz eta batzuetan laguntzaileren bat edo beste etortzen den nirekin, baina, oinarrian, dena bakarrik egiteko moduan antolatu dut proiektua, muntaia eta beste guztia barne.

Zein iraupen du zure ikuskizunak?

40-45 minutu, gutxi gorabehera.

Gaur Arrasaten izango zara, baina zelan duzu agenda?

Une honetan Antuxunarekin hau da dudan azkena; abuztuan jo dut, eta orain kontzertu gehiagoren bila ari naiz.

Diskorik baduzu argitaratuta?

Formatu fisikoan ez dut ezer, baina abestiak Badcamp plataforman dituzue.

Ezer gaineratu gura baduzu...

Jendea animatu dadila gauza berriak entzutera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak