Orain dela hamazazpi urte abiatu zuen Arrasateko Udalak Kulturate Akustikoak musika zikloa; 2023an tokiz aldatu zuten –Kulturatetik Juan Arzamendi Musika Etxera–, eta Oreixe Akustikoak izena eman zioten. Ohiko egiturari jarraituz, bi asteburutan banatuta, sei emanaldi akustiko izango dira gozagarri.
Folk teknologikoa, hasteko
Nagore Etxabe Etxaberen bakarkako proiektua den Antuxuna izenekoak zabalduko du aurten Arrasateko musika ziklo akustikoa. Hainbat taldetan bateria, txalaparta eta baxua jotzen ditu, eta abiatu berri duen bakarkako bidean euskal kultura eta teknologia uztartzen ditu. "Ikus-entzunezko emanaldia da, euskal kantutegi zaharraren birmoldaketa elektroniko eta guztiz digitala, zuzeneko musika, LED argiak eta proiekzioak uztartzen dituena. Estetika, egiteko modu eta sonoritate finko bat duen folklore instituzionalizatutik haragoko proposamena da; modu baten esanda, folk teknologikoa ekarriko du", azaldu dute antolatzaileek.
Tradizioa eta abangoardia
Marala hirukoteko kide den Sandra Monfort Oliver Alacanteko musikariaren proiektu pertsonalak hartuko du lekukoa JAMEko auditoriumean irailaren 6an, zapatua. "Figura berezia, handinahia eta askea da harena, oroimenaren pisua oraingo testuekin eta biharko intuizioekin egituratzeko gai dena. Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkargunea artista askorentzat eremu komun bihurtu den une honetan, Monfort ez da formula estetiko erakargarriekin konformatzen. Haren lana haratago doa: musika-ondarea indar bizi, disruptibo eta sakonki pertsonal bihurtzen du".
Irailaren 7an, bi kontzertu
Hannah Frances abeslari, gitarrista eta konpositore amerikarrak zabalduko du lehenengo asteburuko azkeneko emanaldia. "Galera eta trauma gaiak jorratuko ditu, folk abangoardista, rock progresiboa eta jazza uztartuta egingo duen kontzertuan".
New Yorkeko Florist indie folk bandak hartuko du lekukoa: "Emily Spraguek gidatzen duen taldeak geruza askotako musika oparoa eta sakona ekarriko digu".
Peru Altube eta gehiago
Arrasateko bateria-jole Peru Altube Kazalisek borobilduko du irailaren 14an zikloa, Neguko izarrak izena duen gradu amaierako lana aurkeztuta. "Jazza eta euskal kultura uztartzen ditu, ikuspegi pertsonal eta emozionaletik. Domekan izango da, eta aurreko egunetan beste bi proposamen izango dira: Bilboko Airu bandak sentimentalismoz, melodia itsaskorrez eta ahots sakonez osatutakoa egingo du egubakoitzean; eta Valentziako Star Trip power rock taldea izango da zapatuan agertoki gainean protagonista", gaineratu dute antolatzaileek.
Egitaraua
Kontzertuak 19:30ean hasita izango dira, Arrasateko Juan Arzamendi Musika Etxeko (JAME) auditoriumean. Emanaldietarako sarrerak bost eurotan eskura daitezke, Arrasate.eus atarian edo kontzertuaren egunean leihatilan.
- Antuxuna, Irailak 5, egubakoitza.
- Sandra Monfort, Irailak 6, zapatua.
- Florist eta Hannah Frances, Irailak 7, domeka.
- Airu, Irailak 12, egubakoitza
- Star Trip, Irailak 13, zapatua.
- Peru Altube Kazalis, Irailak 14, domeka.