Eneko Carrascal, hanketan duen saltoaren bila

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 21a, 09:18

Eneko Carrascal, Realeko elastikoarekin, jauzia egiten.

Pista estaliko Espainiako txapelketan zilarra jantzi ostean (16,20), bazirudien aire libreko denboraldian arrasatearrak aurrerapauso bat eman zezakeela, baina fasziako lesioa etorri zen jarraian. Uztailean hasi da, Espainiako txapelketa gerturatzen dabilenean, bertsio onena erakusten. Abuztuaren 3an lehiatuko da.

Eneko Carrascalena (Arrasate, 1999) da Espainiako salto hirukoitzeko urteko hirugarren marka onena (16,20), baina oraindik koskatxo bat falta zaio 1980an Madrilen Ramon Cid atleta donostiarrak lortutako Euskadiko errekorra ontzeko (16,69). "Errekor horri gutxi geratzen zaiola esaten diot brometan, eta hark erantzuten dit ez dudala gaindituko", dio Carrascalek, barre eginez. Oraingoz, marka bat gainditu du aurten, eta ez da nolanahiko marka: motibazio iturri eta Mojategin entrenamendu saio mordoa partekatu dituen Iñigo Uribarrenena. Uribarren atletismotik erretiratuta dagoen arren, haren markak aintzat hartzekoak dira. "Iñigok 16,17ko marka zeukan salto hirukoitzean, eta kostatu zait, baina gainditu egin dut haren marka, bai", dio, hori esaten duen bitartean telefonoaren beste aldean irribarre batekin imajinatzen dugun Carrascalek. Hain zuzen, Uribarren gainditu zuenean zera idatzi zuen Carrascalek sare sozialetan: "Marka pertsonal berria egin dut, 16,20koa. Nire lehengo marka 5 zentimetro ondu dut, baina are garrantzitsuagoa dena, ranking historikoan niretako horren garrantzitsua den eta izaten jarraitzen duen pertsona gainditu dut, Iñigo Uribarren. Eskerrik asko, anai!".

Sasoi hartan, otsailean, neguan egindako lanaren fruituak jasotzen zebilen arrasatearra, eta, ikusitakoak ikusita, aire libreko denboraldia sekulako itxura hartzen zebilen, denboraldiko bigarren zatiko prestakuntza bide onetik zihoalako. Apiril amaieran faszia apurtu zuen arte. Ez da min hartzen duen lehenengo aldia, baina ostera ere hutsetik hasi behar izatea ez da eliteko kirolari batendako batere gozoa. "Hilabete eta erdiz geldirik egon behar izan nuen, eta, noski, horrek eragin zuzena izan du aire librean".

Espainiako txapelketa abuztuan

Aurten, baina, denboraldiko hitzordu garrantzitsuena, Espainiako txapelketa absolutua, berandu dator, abuztuaren 1etik 3ra bitartean jokatuko dute Tarragonan, eta azken asteotan jokatu dituen txapelketetan errekuperazioa bide onetik doala erakutsi du Realeko atletak. "Aire librea nahiko irregular doala esango nuke, baina, nondik natorren ikusita, ezin naiteke kexatu". Arrasatekoak Euskadiko txapelketa irabazi berri du, Bilbon, Eslovenian egin du aire libreko urteko marka pertsonal onena (16,07) eta Espainiako lurraldeen arteko txapelketan bigarren izan da (15,84). "Esloveniatik nahiko pozik itzuli nintzen, ostera ere 16 metroko langa gainditu ahal izan nuelako. Egia esan, oso kondizio onak izan genituen salto egiteko, eguraldi ona zegoen, atleten artean ere lehia polita izan genuen... Izan ere, Jordan [Diaz] moduko atleta on bat ondoan izateak ez du askorik laguntzen, gu baino askoz hobea delako, eta ez da izaten motibagarria. Baina ni baino apur bat hobeak diren atletekin lehiatzeak motibatu egiten nau, eta nire onena ematen dut halakoetan. Eta halako lehiakideak izan nituen Eslovenian; beraz, hor egon naitekeela ikusi nuen han".

Nazioarteko rankingera bidean puntuak batzeko hitzordua izan zen Esloveniakoa, eta, horrekin batera, aste hauetan txapelketa gehiagotan ere izan da Carrascal: "Alde horretatik, egun batzuk geldirik egotea eskertu egingo dut, baina, akaso, bi aste larregi dira. Txapelketa batetik bestera ibili naiz aste hauetan, eta atsedena behar dut, baina gainontzeko atletek denboraldia amaitu duten honetan Mojategin bakarrik entrenatzen ibiltzea... gogorra da. Espainiako txapelketa lehenbailehen iristea nahi dut, lan ona egiten saiatu eta atseden hartzea. Bitartean, egun hauetan Anoetara ere joango gara, lan-saioren bat edo beste egitera; bereziki, zuzenketa txiki batzuk egitera".

Hanketan duen saltoa

Espainiako txapelketak abuztuaren 1etik 3ra jokatuko badituzte ere, salto hirukoitza egingo dutenen txanda domekan izango da, hilak 3, 20:25 inguruan –Andoni Calbano bergararrak ere orduan izango du 200 metroko finala–. "Txapelketako azkenak izango gara gu, baina ordu hori egokia da jauzi egiteko. Tarragonako instalazioak oso ondo daude, eta leku aproposa da marka ona egiteko; alde horretatik, ez dago aitzakiarik. Ordu horretarako haize gutxi ibiltzen da, tenperatura ere egokia izango da... Eskatzen dudana da hanketan daukadan saltoa egin ahal izatea, baina, horretarako, hainbat baldintza bete behar dira. Postuari baino gehiago, markari begiratzen diogu, eta, neguan egindako 16,20koa gainditzen badut, pozik geratuko naiz. Hori eginez gero, berez etorriko dira gainontzeko postuak eta halakoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak