Aurtengo Udazabal ekimen kultural sortaren berrikuntzetako bat izango da aire libreko zinema. Urrun geratu da udako gauetan lagun edo familia giroan pelikula fresko batez gozatzeko aitzakiarekin Monterronera joateko ohitura hura. 2013an eskegi zen oihala azkenengoz parkeko eszenatokia inguratzen duen egituran, hainbat urtetako dinamika bukatuta.
Baina esperientzia hark arrastoa utzi zuen arrasatearrengan, aire libreko zinema berreskuratzeko nahia hainbaten gogoan ibili baita bueltaka. AED elkartean iaztik dabiltza Udalari proposamena mahai gaineratu guran. Gainera, beste talde batek antzeko asmoa zeukala ikusita, haiekin harremanetan jarri eta indarrak batuta egin zuten eskaera neguan, Itxaro Artolak azaldu duenez: "AEDn euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko helburua ere badugu, eta, bide batez, Udalak egiten duen eskaintza aberastekoa. Eta egitasmo hori berreskuratzea bateragarria ikusten dugu helburu horiekin. Bestalde, jakin genuen gazte talde bat bazebilela modu paraleloan ideia berbera gauzatu guran. Beraz, bi eskaera egin beharrean, haiekin batera egin dugu bakarra, eta fruituak eman ditu".
Aipatu duen talde hori 21 urteren bueltako lagun zinemazale batzuek osatzen dute; tartean, Danel Ezpeletak. Espainia hegoaldeko hondartzetan pelikulak proiektatu ohi direla ikusi, eta Arrasaten ere horretarako toki aproposak egon badaudela ondorioztatu zuten, baina ez zekiten duela hamabi urtera arte noizbehinka Monterrongo parkeari zinema-erabilera ematen zitzaiola: "Oporretan herritik ehunka kilometrora bizi genuena herrian bertan egingarria zela pentsatu genuen, eta gero konturatu ginen gu txikiak ginenean egoten zela udako zinema-egitaraua Arrasaten, nahiz eta gure adinekook ez dugun hori ezagutu; orain, iruditzen zaigu gazteak zinemara erakartzeko formatu aproposa dela".
EUSKAL ZINEA PANTAILA HANDIAN ETA UDA GARAIKO GIROAN IKUSI AHAL IZANGO DA
Euskaraz, eta gazteei begira
Kultura arloko zinegotzi Andoni Arratibel bat dator Ezpeletaren adierazpenarekin: "Gazte askok ez dute ezagutu Monterrongo zinema. Era berean, filmak euskaraz eta pantaila handian ikusteko erraztasunak eman nahi dizkiegu; gazteei eta, oro har, publiko zabalari. Beraz, pelikulak Monterronen proiektatzea egitasmo polita dela iruditzen zaigu". Izan ere, urtean zehar Amaia antzokian gutxienez bi pelikula berri emititzen dira astero, eta jakina da bertaratzen direnen batez besteko adina nahiko altua izaten dela sarri. Hala ere, gazteak zinemara ez joateak ez du esan nahi, Ezpeletaren esanetan, pelikulak kalitate eskasekoak direnik: "Ni sarritan joaten naiz Amaiara, eta esango nuke oso eskaintza ona egoten dela".
Doako sarrera
Kalean ikusi ahal izatea, beharbada, areto itxietara joan ohi ez diren herritarrentzako akuilu izango da, nahiz eta baduen alde negatiboa ere; batez ere, interes komertzialekin talka egiten duelako: "Fikziozko pelikula bat ezin da aire librean eta dohainik proiektatu estreinatu eta urtebeteko epean, autore eskubideen eta banatzaileen baldintzen aurka doalako. Beraz, berritasunaren magia galdu egiten da. Posible da, aldiz, dokumental berriak proiektatzea", azaldu du Artolak.
Hilaren 25ean, bigarrena
Hori horrela, udaberrian estreinatutako Kantauri dokumentala ikusteko aukera eskainiko dute zapatuan, 22:30ean. Ordubete pasatxoko piezak kilometro gutxira dugun itsasoaren edertasuna eta sekretuak azaleratuko ditu, Aiora Renteriaren ahotsarekin osatutako soinu bandak lagunduta.
Datorren ostiralean, hilak 25, El Vasco komedia arinaren txanda izango da, ordu berean. Argentinan girotuta dago istorioa, elebitan dago filmatuta eta Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru dira protagonistak.
Euria eginez gero, Biterira lekualdatuko dituzte proiekzioak.