Arrasate iruditan bloga sortu du Arrasate Zientzia Elkarteak eta, irudiez gain, arrasatearren ohiturak eta eguneroko bizitza nolakoa zen erakusten ere saiatu direla azaldu du Donnayk. "Edozelan ere, kasu guztietan ezin izan dugu alderaketa erakutsi argazkien bitartez". Argazkien bitartez, eguneroko gauza txikiei buruzko informazioa ematen saiatu dira. Jaietakoak, erlijioari buruzkoak, ohitura sozialei buruzkoak, gizon zein emakumeen kaleko lanari buruzkoak, osasunari buruzkoak eta abar.
Bloga "dinamikoa eta irekia" izatea gura dute Arrasate Zientzia Elkarteko kideek. "Hau da, herritar guztiek aukera izan dezaten parte hartzeko. Seguru gaude oraindik argitaratu gabeko argazki asko dituztela gordeta herritarrek haien etxeetan. Ekimen honen bidez, aukera dugu argazki horiek arrasatear guztiei erakusteko", nabarmendu du Donnayk.
Antzinako argazkietan, "denetik" dago. Hala, blogerako prestatu duten artxiboan, argazki anonimoak daude, baita honako argazkilari hauenak ere, besteak beste: Jose Letona, Carmelo Letona, Jose Mari Uranga, Juan Leibar, Valeriano Martinez, Jose Mari Lasagabaster Bentxes, Pedro Sologaiztoa Laso, Txema Urzelai, Kepa Oliden eta Joxefe Diaz de Tuesta. Horiez gain, Josemari Velez de Mendizabalen artxiboko hainbat argazki ere badaude.
Halaber, aipatutako datuak eta datak ere iturri horietatik hartutakoak dira. "Hori dela eta, akatsen bat baldin badago, barkamena eskatzen dugu. Beraz, egileei eskatzen diegu dauden akatsak guri adieraztea, ahalik eta azkarren zuzendu ahal izateko".
Erreferentzia handiena, "zalantza izpirik gabe", Mendia bilduma izan da. "Gure lagun Eusebio Iñarrari esker, urte luzez Jose Antonio Otaduik zaindu zuen eta, gaur egun, Arrasate Zientzia Elkartearen esku dago".
Gaur egungo argazkiak, funtsean, mugikorrarekin ateratakoak dira. Edozelan ere, badute bereizgarri bat. "Antzinako argazkien moduan, zuri-beltzean daude. Horrez gain, antzinako argazkiak erreferentzia hartuta, leku beretik ateratzen saiatu gara egungo argazkiak".
Bestelako plataformen osagarri
Elkarteak egiten dituen bestelako plataformen osagarri izan nahi du blogak. "Gaur-gaurkoz, webgunea garatzen eta osatzen ari gara eta Facebook eta Instagram sare sozialetan ere badugu erabiltzailea. Facebooken, gure orrialdeak 900 jarraitzaile baino gehiago ditu. Instagram-en, aldiz, 1.100 jarraitzaile ditugu, eta beste horrenbeste argitalpen", diote –@arrasate_zientzia_elkartea da erabiltzailea–.
Osatzen jarraitu gura dute
Gauza asko falta zaizkigu oraindik eta aurrerantzean ere bloga elikatzen eta hari bizia ematen jarraitzea da elkartearen asmoa, "geroz eta osatuagoa" izan dadin. "Egiaztatu ahal izango duzuenez, leku batzuk asko aldatu dira urteetan eta zaila da ezagutzea antzinako argazkiekin alderatzean. Aitzitik, beste leku batzuetako bi argazkiak alderatzean, badirudi denbora ez dela pasatu".