"Aste hauetan inor ez zaigu gerturatu Mondran erreleboa hartzeko gertu dagoela esanez", dio Mondrako presidente Xabi Etxeberriak, Mondrako batzar orokorrerako hiru egun geratzen direnean. Eta horren aurrean arrasatearrak garbi ditu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak. "Ikusiko dugu batzarrak zer ematen duen, baina inork ez badu aurrerapauso bat ematen, Mondra zuzendaritza gabe geratuko da". Horrek ez du esan nahi kluba desagertu egingo denik, baina aldaketa esanguratsua izango litzateke. "Kirol arloa lotuta daukagu, hiru lagun daude kontratupean eta eurak arduratuko dira taldeen kudeaketaz, entrenatzaileak bilatu... Arlo administratiboa, berriz, gestore edo kudeatzaile baten eskuetan geratu beharko da ezinbestean, eta zintzilik geratuko dira gaur egun zuzendaritzakook egiten ditugun lan asko. Babesleak bilatu, taberna kudeatu, kirol zuzendariekin egon, lagunartekoak eta bestelakoak antolatzen lagundu... Halako lanak ez ditu administrazio-kudeatzaile batek egingo, eta pertsona edo kudeatzaile horren lanak ere zehaztu beharko dira. Garbi dagoena da kuotek igoera izango dutela".
"Etortzen dena ez da bakarrik egongo"
Mezu hori ere zabaldu nahi izan du Mondrako presidenteak, alegia, guraso talde batek, edo beste edonork, Mondrako zuzendaritzan erreleboa hartu nahi badu gaur egungoen laguntza izango duela. "Ez gara desagertuko, hor egongo gara berriei laguntzeko, behar den denbora guztian. Zuzendaritza berrikoek gure laguntza izango dute. Zentzu horretan ez daitezela beldurtu", dio Etxeberriak.