GOIENA paperak joan den astean aurreratu zuen albistea, Mondrako zuzendaritzak agur esateko ordua dela erabaki du. Ez da halako ultimatum bat egiten duten lehenengo aldia, ez oraingoek eta ezta lehenago egon zirenek ere, baina garbi dute erabakia, eta halaxe adierazi dute. Jende berria behar du Mondrak. Azken urteotan Xabier Etxeberria, Bittor Arriaran, Unai Idigoras, Joseba Garai, Susana Santor, Xabier Otxandiano eta Oneida Zubia izan dira talde zuri-morearen alde lanean, eta lehenengo biak, Etxeberria eta Arriaran, izan dira GOIENArekin berbetan.
Hain zuzen, Xabier Etxeberriak eta Bittor Arriaranek urteak daramatzate Mondrako zuzendaritzan. Etxeberriak ia hamarkada bat darama presidente, eta lehenago ere zuzendaritzan egondakoa da; Arriaranek ere gertu izango ditu bi hamarkada, hainbat etapatan. Hala, errelebo falta hori lehenago ere ikusi izan dute. "Jendeak geroago eta ardura gutxiago gura ditu, ez da gauza berria. Arlo askotan gertatzen den arazoa da, eta pena da, baina guk egin dugu gure ekarpena. Eta, alde horretatik, gurasoei egingo nieke dei: datorren denboraldian seme-alabak futbolean ikusi nahi badituzte, pauso bat aurrera emateko ordua da", dio Arriaranek.
"Kluba egoera onean dago"
Kluba zein egoeratan utziko duten galdetuta, Etxeberriak dio aspaldiko urteetako momentu gozoenean dagoela: "Esango nuke inoiz baino hobeto dagoela. Kirol zuzendaritzari dagokionez, talde sendoa dago, formakuntza duen jendea da eta bertatik bertara ikusi dugu zein lan ona egiten dabiltzan. Lau laguneko taldea osatzen dute Jorge Davilak, Markel Perezek, Gorka Ibarguenek eta Aritz Uribesalgok, eta euren esanetara 40 entrenatzaile inguru daude". Arriaranek urteko balantzea ere egin du: "Denboraldi polita izan da Mondrarendako, kategoria batzuetan taldeak egonkortu egin dira, beste batzuetan mailaz igo dira… Uste dugu harrobian badatozela belaunaldi politak; Ohorezko Gazte Mailan, esaterako… Oso gertu izan dute Euskal Ligara igotzea. Horrenbestez, oso pozik gaude, eta jokalariak ez zaizkigu falta; kontuan izan behar da 600 neska-mutiko ditugula Mojategin futbolean jokatzen. Tira, eurak eta euren gurasoak, horrek dakarrenarekin". Etxeberriak jarraitu du berbetan: "Eta, horrekin batera, garrantzitsuena: taldea ekonomikoki osasuntsu dago; alegia, ez dago zorrik, eta, alde horretatik, ondorengoek ere ez dute inolako motxilarik jasoko".
Egindakoaz pozik, eta nekatuta
Bai Etxeberriak eta baita Arriaranek onartu dute Mondrako zuzendaritzan ilusio berrituak behar dituztela, gauzak egiteko gogoz dagoen jendea: "Arrasaten neska-mutiko gehien mobilizatzen dituen kluba gara, eta ez pentsa aparteko dirulaguntzarik dugunik. Baina besteen begietara beti izan gara aberatsak, eta hori ez da horrela. 650 laguneko klub bat kudeatzea ez da erraza. Baina horrekin geratzen gara, urte hauetan herri mailan egin dugun ekarpenarekin; izan ere, pentsa gazte horiek guztiak kirola egiten egon beharrean kalean ibiliko balira gora eta behera. Edozelan ere, diru-iturri berriak izateko ekimenak antolatu behar dira, eta horretarako motibatuta dagoen jendea behar du Mondrak; gure etapa amaitu da". Zuzendaritzak aurrerago zehaztuko du uztailean noiz egingo duen batzar orokorra: "Talde berririk ba ote dagoen ikusiko dugu orduan, eta inor animatzen ez bada, akaso, irailetik aurrera seme-alabekin zer egin pentsatu beharko du batek baino gehiagok".