Gaur, egubakoitza, abiatuko da Euskal Herria alderik alde zeharkatzen duen Urmuga mendi ibilaldia, askotariko musika emanaldiak osagarri dituela, eta uztailaren 16an, eguaztena, ailegatuko da Arrasatera, Durangon hasi eta Besaidetik barrena egingo duten etapan –19 kilometroko ibilbidea–.
Egun horretan, hain zuzen, Galiziako Chruinne taldeak kontzertua egingo du Santa Barbaran, Goikobalun, 19:00etan. Taldeko kide Pablo Ruibalek adierazi duenez, "ezohiko proposamena" da haiena, baina musikazaleei gustatuko zaiela uste du. Hain zuzen, Ruibalek 30 urte baino gehiago daramatza antzinako musika lantzen, Barrokoa, Errenazentista eta Erdi Arokoa, besteak beste, eta Erdi Aroko biolak eta gitarra errenazentista jotzen ditu, besteak beste. Duela bi urte sortutako taldearekin dator Arrasatera.
Izan ere, 2023an hasi zuen bidea Chruinne taldeak, eta 2024an egin zituzten jendaurreko lehen emanaldiak. "Antzinako musika zirkuitu itxiagoetan egon ohi da, elizetan edo musika hori lantzen duten zikloetan. Gure taldeak antzinako musikatik edaten duen arren, gaita, biolina edota harpa ere txertatu ditugu, eta bien arteko nahasketa baten emaitza da, ohiko publikoarentzat entzungarriagoa dena", nabarmendu du.
Modu horretan, antzinako musika galiziarra eta portugaldarra oinarri hartuta, bestelako soinuak ere plazaratuko dituzte, 300 urteko musikaren ibilbidea eginez, XIII. mendetik XVI. mendera arte, eta "ahots zoragarri" batekin, Ruibalen esanetan. "Agian, ikus-entzuleak gehien harrituko dituztenak gaitak izango dira. Inguru hauetan oso ohikoa ez den musika da gurea, eta, beraz, musikazaleek aukera paregabea dute gure musikaz gozatzeko".
Urmuga ekimenari dagokionez, "oso originala" dela adierazi du. "Gu espazio itxietan jotzera ohituta gaude, eta honek aukera emango digu aire librean, naturarekin bat eginda, kontzertu bat jotzeko. Askotariko musika batzen duen proiektua da Urmuga, eta guk ere ekarpena egingo dugu aniztasun horretan. Soinu ezberdinak eramango ditugu Arrasatera, entzule askok orain arte entzun gabekoak".
Gaur, dantza Biteri plazan
Eguaztenekoa, ordea, ez da Udazabal egitarauko ekitaldi bakarra izango datozen egunetan. Gaur, egubakoitza, adibidez, dantza ikuskizuna egongo da, 20:00etan, Biteri plazako arkupean. "Punta-puntako hiru pieza motz ikusteko aukera izango da, Euskal Herriko bi talde eta Kataluniako beste bat elkarrekin ariko baitira: Lasala, Altraste eta Angel Duran. Goi mailako hiru taldeen artean, ordu eta laurdeneko ikuskizun bat egingo dute", azaldu du Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko Kultura teknikariak.
Martitzenean, antzerkia
Uztailaren 15ean, martitzena, antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Seber Altuben, 19:30ean, Trapu Zaharrak konpainia beteranoak Azkena eta bagoaz antzezlana egingo du-eta. "Izenak dioen moduan, badirudi erretiroa hartuko dutela; aurreko lan ia guztiekin egin moduan, azken lana ere antzeztuko dute Arrasaten", dio Alberdik. Aktoreak Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo izango dira eta honako hau da antzezlanaren muina: "Bere onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkia probatzea erabaki du. Antzerki klasikoko aktore batekin elkartu, eta obra berri bat muntatu dute: Bost ordu Mario gabe".