Lehen Hezkuntzako ikasleak urtarrilean joango dira Musakolara

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 11a, 11:10

Arrasate Herri Eskolako Musakola gune berria egiteko lanak azken fasean sartuta daude dagoeneko.

Arrasate Herri Eskolaren Musakola gunea berritzeko lanak "oso martxa onean" ari diren arren, hasierako aurreikuspena ezin izango dute bete: Lehen Hezkuntzako ikasleek 2025-2026ko ikasturtea gune berrituan abiatzea. Urtarrilean hasiko dira han.

2023ko abenduan hasi zituzten Arrasate Herri Eskolako Musakola gunea berritzeko lanak, eta aurreikuspena zen ikasle guztiek, Haur Hezkuntzakoek zein Lehen Hezkuntzakoek, 2025-2026ko ikasturtea han abiatzea. Edozelan ere, eta lanak "oso martxa onean" doazen arren, Lehen Hezkuntzako ikasleek Erguinen egin beharko dute ikasturtearen lehen zatia, eskolako zuzendari Iratxe Salaberriak adierazi duenez. "Azken bileran hitzartu genuen urtarrilean hasiko ginela eskolak ematen Musakolan, eraikina ez delako erabilgarri egongo irailerako", zehaztu du –HHkoak Musakolan hasiko dira–.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskolako material berria jarriko du, azkenean, eta abuztuaren amaierarako iritsiko da material hori –mahaiak, aulkiak, arbelak eta bestelakoak–. Hasiera batean, Hezkuntza Sailak erabaki zuen eraikin berria material zaharrarekin hornitzea, eta Arrasate Herri Eskolako Kontseiluak publikoki salatu zuen hori. "Era berean, eskaria egin genien material berria ekartzeko, eta lortu dugu. Horretarako partida berezi bat jarriko dute, hiru ikastetxe gaude-eta egoera berean", dio Salaberriak.

Eraikin berria "oso argitsua" izango dela gehitu du zuzendariak. "Leiho handiak eta zabalak jarri dituzte, eta gelak handiak dira; espazio zabalak daude".

Kezka nagusia: umeen jangela

Datorren ikasturte hasieran talde asko izango dituzte Erguin gunean, eta "gainezka" egongo da, zuzendariaren esanetan. "Urtarriletik aurrera, arnasa hartzeko moduan egongo gara Erguinen", gaineratu du.

Musakolari dagokionez, eskolako zuzendaritza abuztu bukaeran elkartuko da Hezkuntza Saileko ordezkariekin, "udan lanak zenbateraino aurreratu dituzten ikusteko". Kezka nagusia umeen jangela da: "Haur Hezkuntzako ikasleen jangela barrakoi batean egon da orain arte, baina barrakoi hori kendu egin beharko dute patio berria egiteko. Beraz, eskatuko dugu eraikin berriko jangela erabiltzea. Izan ere, irailerako bukatuta egotea aurreikusten dugu. Edozelan ere, baimena beharko genuke horretarako. Espero dugu baimen hori edukitzea".

Patio inklusiboa egingo dute

Patio berrian ez dute plastikozko eta burdinazko elementurik jarriko: "Gure ideia da, behin eraikineko lanak bukatuta, patio inklusibo eta naturala egiteko proiektu bat gauzatzea, Erguingoaren modukoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak