11.213 milioi euroko salmentak lortu zituzten iaz Mondragonen integratutako kooperatibek, eta %1,6koa izan da igoera aurreko urtearekin alderatuz gero. Pello Rodriguezek, Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakariak, horrenbestez, honako balorazio hau egin du, 2024ko itxierari dagokionez: "Positiboki baloratzen dugu korporazioaren bilakaera, ziurgabetasun geopolitiko handiak eta merkatu globaletako tentsio gero eta handiagoek markatutako nazioarteko testuinguru batean".
Mondragonek gaur, hilak 9, egin du barne dituen kooperatiba guztietako 650 ordezkari biltzen dituen kongresua, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, "bere funtzionamendu kolektiboan eragina duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gunetzat", eta hor partekatu dituzte iazko datuak. Salmenta datuetan ez ezik, arreta jarri dute enpleguan ere, eta jakinarazi dute iazko bataz besteko plantilla 70.085 pertsonakoa izan zela: "Horrek Mondragoneko kooperatibak sendotu ditu Euskadiko lehen enplegatzaile gisa, Nafarroako bigarren eta [Espainiako] estatuko bosgarren enplegatzaile pribatutzat". Horrez gain, eginiko inbertsioak 377 milioi eurokoak izan ziren, eta azken bost urteetan egindako inbertsioen batura, hala, 1.692 milioi eurokoa da; EBITDAk, berriz, %11,8ko igoera izan zuen, eta 1.661 milioira iritsi zen.
Inpaktu sozialean eragina
Inpaktu sozialaren eremuari dagokionez, kongresuan adierazi dutenez, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak "espresuki" nabarmendu ditu kooperatibak, "eta, bereziki, Mondragon, garapen jasangarriari egiten dioten ekarpenarengatik". Halaber, erantsi dute Orkestrak, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, egindako azterketaren arabera, "eredu kooperatiboak dentsitate handia duen eremuetan, berdintasunaren sustapenerako eragin positiboa bermatuta" dagoela, eta "kooperatibek eta Mondragon Fundazioak egindako ekarpen sozial garrantzitsua" gehitu behar zaiola horri: "50 milioi euro baino gehiago bideratu baitituzte, besteak beste, pobrezia eta inklusioa, klima eta biodibertsitatea, kultura, osasuna eta kirola, hezkuntza, euskara eta horrelako gaietan lan egiten duten mila erakunde ingururentzat".
Hala, datuak horiek izanik, berretsi dute "kooperatiba gehienak berriro ere gai izan direla ekitaldi konplexu bat positiboan ixteko, non geopolitikak baldintzatu duen ekonomiaren eta merkatuen bilakaera". Areago, 2025eko lehen bost hilabeteetako bilakaeraren berri ere eman dute, "positiboa" izaten jarraitzen duela nabarmenduta: "Aurreko urteko antzeko salmentekin, eta 636 enplegu berri sortuta".
Negozio arloak, banatuta
Negozio arloei dagokienez, banaketarena da aipagarrienetako bat: 6.193 milioi eurokoak izan ziren iaz salmentak eta 90,6 milioikoak emaitzak; Eroskik, gainera, "sendotasun eta hazkunde bidea sendotu" egin duela nabarmendu dute. Finantzetan, berriz, "Laboral Kutxaren portaera bikaina nabarmendu behar da, bere sektoreko liderra baita kaudimenari dagokionez", 275 milioi euroko emaitzarekin. "Era berean, azpimarratzekoa da LagunAro EPSVk 2024an izan duen bilakaera positiboa. Urtearen amaieran aurrerapen nabarmena izan zuen, bere zorroaren errentagarritasuna %7,94koa izan zen, eta ondare funtsa 7.473 milioi eurokoa".
Ezagutzaren arloak "aipamen berezia" merezi duela ere aipatu dute, I+Gn egindako inbertsioak 201 milioi eurokoak izan baitziren iaz. "Hau da, salmenta guztien %4, arlo horretan lanaldi osoan 2.012 ikertzaile aritu direlarik". Horrez gain, industriari dagokionez: "Mondragoneko kooperatiba industrialek 5.020 milioiko fakturazio bateratuarekin itxi zuten 2024a, bataz beste 26.714 pertsonako plantillarekin eta 268 milioi euroko emaitza garbi bateratuarekin". Areago, honako hau erantsi dute: "Beste urte batez, industria negozioen nazioarteko proiekzioa berretsi da, salmenten %73 kanpoko merkatuetan eginda. Mondragoneko kooperatibek 104 ezarpen produktibo dituzte atzerrian, eta horietan 9.512 lagun baino gehiago enplegatzen dituzte".
Hala, Rodriguezen hitzetan, 2024ko ekitaldiak Mondragonen "eredu kooperatiboaren sendotasuna eta erresilientzia erakutsi ditu berriro: ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak markatutako ingurune globalean, Mondragonek bere norabideari eutsi dio, salmenten hazkundearekin, errentagarritasun sendoarekin eta etorkizunaren aldeko gure apustu irmoa islatzen duen inbertsio mailarekin". Era berean, "barruan eta kanpoan lankidetzan aritzeko beharra" aipatu du: "Negozioak etorkizuneko sektoreetara eraldatzeko jarraitzeko, enpresa proiektu jasangarriak eta enplegu kualifikatuak sortzeko".
2025-2028 Plan Estrategikoa
2025-2028 Plan Estrategikoaren lehen urtearen balantzea aurkezteaz gain, datozen urteetarako bide orriaren lau ardatz estrategikoei lotutako zenbait proiektu jakinen berri eman du Rodriguezek: Konpromisoa eta Nortasun Kooperatiboa, Etorkizuneko negozioak, Irekitze eta Inpaktu Soziala, eta Interkooperazioa.
Hori gogoan izanik, honako ekimen hauek aipatu ditu: Amets Power Electronics proiektua, potentzia elektronikako soluzio berritzaileen garapenean zentratutako konpainia berria, Artetxerekin elkarlanean; data center bat sortzea, Arrasaten; Orbik proiektua, zibersegurtasun arloko lehen start-up teknologikoa, kooperatiba bihurtu dena, ekintzailetza teknologiko modu berri baten eredu gisa eratuta; Autogintza dibisioetako negozioen arteko lankidetza, eraldatzen ari den merkatu batean lehiatzeko; edo Mexikon lankidetza proiektu bat antolatzea, han ezarrita dauden kooperatibak eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea inplikatuta.