Mondra&Roll jaialdia, garai bateko eta egungo bizipenen epizentro

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko uzt. 4a, 09:07

1979an Ingalaterran sortutako The Toy Dolls taldea Arrasateko Monterron parkean izango da zapatuan. Argazkia: The Toy Dolls.

Euskal Herriko eta nazioarteko hamazortzi talde izango dira Monterron parkeko agertokian gaur eta bihar, Mauka Musikagintzak, Jimmy Jazz aretoak eta HFMN Crewk, Arrasateko Udalaren laguntzarekin, antolatu duten laugarren jaialdian.

Heldu da uztaileko lehen asteburua, eta horrekin batera punk, rock, oi! eta hardcore eszenako talde beteranoak eta gazteagoak batzen dituen Mondra&Roll jaialdia. Aurten laugarrena izango da, eta aurreko aldietako esperientzia lagungarri izan da antolatzaileendako. "Dagoeneko badakigu nolakoa den lekua, eta, gutxi gorabehera, badakigu zeintzuk diren egin beharrekoak. Hiru enpresa txikiren arteko lana da [Mauka Musikagintza, Jimmy Jazz aretoa eta HFMN Crew]. Muntaketa eta desmuntatze lanetarako lantalde bat dugu, jaialdian bertan egon ohi den lantalde bat, baita zerbitzari lanak eta segurtasuna bermatzeko lanak egiten dituztenak ere. Muntaketa lanetan 20-25 bat pertsona aritu gara eta jaialdian 40 lagun inguru izango gara", azaldu du antolaketa taldeko Iker Arronizek.

Hamazortzi talde bi egunean

Urteko jaialdia bukatu bezain pronto hasten dira hurrengoari begira, taldeak lotzen. "Normalean, abendurako, kartelaren lehen zatia iragartzen dugu, eta, Gabonen ostean, gainontzekoa. Ekarri nahi ditugun taldeen zerrenda izaten dugu beti, eta batzuetan posible izaten den moduan, beste batzuetan ezin izaten da. Urteak daroagu halakoak antolatzen, eta kontrolatzen dugu zeintzuk diren talde zaharrak, berriak, eta zein taldek saldu ditzakeen sarrera gehiago. Kontuan hartu behar dugu uztaileko lehen asteburua dela, eta Europan bira egiten ari diren atzerriko taldeak, gehienbat, kontrolatu behar izaten ditugu, data horietan hona ekarri ahal izateko; izan ere, jaialdi asko egon ohi dira".

Ibilbide luzeko nazioarteko musika taldeak eta Euskal Herrikoak izango dira Monterronen

Aurten jaialdirako kartelburuak aurkitzea oso zaila egin zaiela aitortu dute antolatzaileek: "The Interrupters, Cock Sparrer edo The Baboon Show nahiko argiak ziren, baina aurten zailagoa izan da. Hala ere, badaude The Toy Dolls, The Exploited, The Selecter eta The Pioneers izen handiak. Egia da talde gehiago gehitu ditugula eta talde gehien egongo diren edizioa izango dela aurtengoa. Azken batean, izen handiak ekartzerik ez dugunez izan, talde gehiago ekartzearen alde egin dugu".

Kanadako lau talde

Orain arteko aldietan, batez beste 3.000 pertsona sartu izan dira Monterron parkean, eta "aurten 2.000 bat izango direla" azaldu du Arronizek. Horien artean, belaunaldi askotariko musikazaleak egongo dira, taldeak ere askotarikoak diren heinean. Bi egunetan zehar, Euskal Herriko lau talde izango dira agertokian; horien artean, Eskoriatzako eta Arrasateko musikariak batzen dituen 80ko hamarkadan sortutako Heriotza taldea eta Aramaioko Antton Carretero gitarra-jolea duen Bilboko Ezkerraldeko Chuleria, Joder! Horiekin batera, Streetwise eta Friday's Crew taldeek osatutako dute euskal musika eszenaren ordezkaritza.

Bitxia da, baina, aurtengo taldeen-zerrendan Kanadako lau talde izango direla: Homefront, Puffer, Beton Arme eta The Real McKenzies . "Guretzako anekdota kurioso bat da hori; Euskal Herriko taldeak beste dira. Gura barik irten den zerbait izan da. Normalean, Ingalaterrako eta AEBetako taldeak izan ohi dira. Ohi moduan, bi eguneko egitaraua izango du jaialdiak, baina domekan ere izango da zer entzun eta ikusi ere; izan ere, lehen urtean izan ezik, gainontzeko guztietan jaialdiaren azpiegitura aprobetxatu dugu zerbait desberdina egiteko. Orain dela bi urte, Manu Chao etorri zen; iaz, Egurhotza musika urbano jaialdia egin genuen eguenean; eta aurten, Fermin Muguruza etorriko da, haren bandarekin. Oso pozik gaude. Mundu mailan egin duen biran ere parte hartu dugu eta harekin egon gara buru-belarri. Hori dela eta, bageneukan Monterronen geldialdi bat egiteko gogoa, eta pozik gaude lortu izanagatik. Urteurren eta anekdotaz beterik dator, gainera, kontzertu hori. Muguruzaren aurretik, baina, beste bi talde izango dira agertokian: Añube eta Nakar taldeak".

Monterron eta Arruena parkea

Monterron parkea herriko erdigunean dagoenez, herri osoan izango du eragina jaialdiak; hala ere, bi gune nagusi izango ditu: kontzertu-gunea eta akanpalekua. "Arrasaten ez dago lo egiteko horrenbesteko lekurik edo eskaintzarik, eta, horri nolabaiteko irtenbidea emateko, aurten ere Musakolako Arruena parkean akanpaleku txiki bat egokitu dugu. Era berean, kiroldegiko dutxak erabilgarri izango dira akanpalekuan daudenentzako, zapatuan eta domekan, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Egitarauz harago, halako detaileak ere kudeatu behar izaten ditugu, eta horiekin pasatzen dugu urteko zati handi bat".

Oinarrizko arauak

Ohikoa den moduan, parkearen sarrerako postuan trukatu beharko da sarrera, eskumuturrekoarekin, eta horrek ahalbidetuko du kontzertu-gunetik sartzea eta irtetea. "Ezingo da edanik eta janik sartu –alergikoak salbuetsita–, eta arropategirik ez da izango. "Jendeari eskatzen diogu garaiz etortzeko eta erdigunean ez aparkatzeko. Bestalde, aipatu gura dugu janaria eta edaria egongo direla barruan, baita anbulantzia ere, edozer gertatuz gero erantzun ahal izateko".

Sarrerak eskuragarri daude, esaterako, Musikaze.com atarian: egubakoitzerako eta zapaturako bonua, 85 eurotan; eta egun bakoitzerako, 47 eurotan. Domekako kontzertuko sarrerak agortuta daude.

Iñigo Bakero eta Josemari Legorburu Txotxe (Heriotza): "Erras' omentzea da biharko gure asmoa"

Heriotzako Iñigo Bakero eta Josemari Txotxe Legorburu.

80ko hamarkadan sortu zen Eskoriatzako eta Arrasateko musikariak batzen dituen Heriotza taldea; Josemari Txotxe Legorburu (Eskoriatza, 1972) bateria-jolearekin eta Iñigo Bakero (Arrasate, 1970) baxu-jolearekin izan da GOIENA.

Mondra&Roll jaialdian joko duzue bihar; zelan zaudete?

Iñigo Bakero: Ondo; indarrak hartzen.
Josemari Legorburu:
Zahartuta; kar-kar.

Almen ikastolan abiatu zenuten taldea, ezta?

I.B.: Hala da, bai; Kultura Aste batean izan zen. Taldea egiteko proposamena egin, eta aukera eman ziguten.

Geldiune bat eginda, 2001ean kontzertu batzuk egin eta orain dela bi urte berragertu zineten, Irati Topaguneko kontzertuarekin; zerk bultzatuta?

J.L.: Han egiten dut lan, eta Mutxin eta Morras lankideak matraka ematen ari ziren, eta, azkenean, egitea erabaki genuen. Mondra&Rollekoa ere bide antzerakotik etorri da; lagunak ditugu antolatzaileak, eta, hasieran Erras eta biok zalantzak genituen arren, baiezkoa eman genuen. 

Tamalez, orain dela hiru aste, Josu Errasti Erras gitarra-jolea hil zen; hala ere, biharko kontzertuarekin aurrera egingo duzue. Erabaki zaila izan da?

I.B.: Ez da erraza izan, eta oraindik ere ez da.
J.L.: Haren omenez joko dugu.

Beste zeintzuk izango dira taularen gainean?

J.L.: Jon Pagaldai Txetxu gitarra-jolea eta Xabier nire anaia abesten.
I.B.: Eta han ibiliko da, seguru, lagunen bat edo beste.

Zelako kontzertua duzue prestatuta?

I.B.: Errepertorioaren oinarria 90eko hamarkadan argitaratu genituen bi diskoak izango dira; azken finean, ez da gure kontzertu bat, jaialdi baten barruan baizik, eta halakoetan denbora mugatua izaten da.

Mondra&Rollen ondoren, izango dira gehiago?

Biak: Batek daki, ikusiko da aurrerago...

Deigarria da zenbat gazte-taldek egiten dituzten zuen bertsioak; Heriotza zerbait izan zen adierazle da hori.

I.B.: Gaur egungo taldeei dagokienez, Kontraldek gure kantu bat grabatu zuen, eta Oihuk ere abesten du kontzertuetan. Atzera eginda, Never Surrender eta Arkada Social taldeek ere, adibidez, egin izan dituzte gure kantuen bertsioak, bai.
J.L.: Lagun talde bat zen hastapenetan Heriotza, eta hala izaten jarraitzen du.

Gaurko eta biharko kontzertuak

Egubakoitza

  • 17:00: Bromure. Frantzia. 
  • 17:45: Streetwise. Euskal Herria.
  • 18:45: Friday´s Crew. Euskal Herria.
  • 19:50: Rat-Zinger. Euskal Herria.
  • 21:00 Mike McColgan and The Bombsquad. AEB.
  • 22:10: Homefront. Kanada.
  • 23:20: Streetdogs. AEB.
  • 00:30: The Exploited. Erresuma Batua.
  • 01:50: The Selecter. Erresuma Batua.

Zapatua

  • 17:00: Puffer. Kanada. 
  • 17:45: Chuleria Joder!. Euskal Herria.
  • 18:30: Beton Arme. Kanada.
  • 19:20: Heriotza. Euskal Herria.
  • 20:20 Far For Finished. AEB.
  • 21:40: DRI. AEB.
  • 23:00: The Pioneers. Jamaika.
  • 00:20: The Toy Dolls. Erresuma Batua.
  • 01:50: The Real McKenzies. Kanada.

Muguruza eta banda, domekan

Fermin Muguruza, Bilboko Miribillan egin zuen kontzertuan. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Musikari irundarra "oso gustuko eta gertuko" duen Monterron parkean izango da domekan, "orain dela 40 urteko ihesaldia festa handiarekin ospatzen". Debagoieneko Añube eta Donostiako Nakar taldeek osatutako dute egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak