Arrasateko Udalak hainbat neurri hartuko ditu Udala auzoan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 1a, 12:54

Auto-pilaketak, Udala auzoan. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Uda sasoian, jakina da Udala auzoan auto-pilaketa handia gertatzen dela urtero, eta horrek trafikoan eta auzoko bizilagunen eguneroko joan-etorrietan arazoak sortzen ditu. Horri aurre egiteko, Udalak hainbat neurri hartu ditu, besteak beste, autobus zerbitzua jarrita, eta epe ertain eta luzerako proiektuak ere martxan ditu.

Arrasateko Udala auzoko bizilagunek urte luzez eskatu izan dituzte auzoko trafiko arazoak konpontzeko neurriak. "Izan ere, gaizki aparkatutako ibilgailuek sarritan oztopatzen dute errepideko zirkulazioa, eta horrek ondorio larriak izan ditzake", azaldu du Udal Gobernuak.

Udaltzaingoak dagoeneko jakinarazi du auto masifikazioak larrialdi-zerbitzuentzat dakarren arriskua –anbulantzientzat edo suhiltzaileentzat– . "Larrialdi-egoera sortuko balitz, ezingo litzateke bermatu zerbitzu horiek iritsiko direnik. Adibidez, aurreko urtean, anbulantzia bat ezin izan zen auzora sartu, auto-pilaketagatik". Horrez gain, auzotarrek askotan salatu izan dutenez, baserrietako sarrera-irteerak ere blokeatuta geratzen dira, eta horrek eragiten du auzotarrek haien lanerako ezinbestekoak dituzten traktoreak eta bestelako tresnak erabiltzea ezinezko izatea.

"Arazo larri horiek ekiditeko", neurriak hartuko ditu Udalak. Batetik, epe luzera, urbanizazio lanak egingo dituzte datozen urteetan, "bizilagunek azken 20 urteotan etengabe eskatu dituztenak". Proiektu horrek aparkaleku berri bat izango du, "ibilgailuentzako azpiegitura egokiagoa eta handiagoa bermatuz". Aurten idatziko dute proiektua eta obrak 2026an hastea aurreikusten du Udal Gobernuak.

Bitartean, "errepidearen segurtasuna bermatzeko eta auzoko bizikidetza errespetatzeko helburuarekin", Udaltzaingoak trafikoaren zaintza "zorrotzagoa" egingo du aurtengo udan. "Ondorioz, gaizki aparkatutako ibilgailuek isunak jasoko dituzte, araudiaren arabera". 

Asteburuetan, autobus zerbitzua

Autoen erabilera saihestu eta garraio publikoa sustatzea gura du Gobernu Taldeak. Beraz, autobus zerbitzu berezia jarri du martxan asteburuetan, erdigunearen eta Udala auzoaren arteko lotura bermatzeko. Hala, egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan egongo da zerbitzua, irailaren 14ra arte. Geltokiei dagokienez,  San Frantzisko (2. linea), Erguin (2. linea) eta Udala auzoa izango dira. Bidaia bakoitzaren prezioa 0,50 eurokoa izango da eta eskudirutan ordaindu beharko da –ez da onartzen Mugi txartela–.

Ordutegia, aldiz, honako hau izango da:

  • Arrasate-Udala:
    • 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 14:00, 14:30, 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:00, 18:00, 19:00, 20:00, 21:00.
  • Udala-Arrasate:
    • 10:30, 11:30, 12:30, 13:30, 14:15, 14:45, 15:15, 15:45, 16:15, 16:45, 17:30, 18:30, 19:30, 20:30, 21:30.

Hainbat aholku eman ditu Udalak

Azkenik, Udala auzora "modu arduratsuan" igotzeko aholkuak eman ditu Arrasateko Udalak. Batetik, asteburuetan garraio publikoa erabiltzea gomendatu du. "Auto-pilaketa ekiditeaz gain, natur espazioaren jasangarritasunean ere lagunduko duzu", diote. 

Autoa partekatzea da beste aholku bat, baita leku seinalatuetan aparkatzea ere. "Ez aparkatu marra jarraitua dagoen lekuetan, isunak jasotzeko arriskua
izango baituzu".

Era berean, Udalara igotzeko natur bideak lehenesteko gomendioa egin dute. "Udala auzoa landa auzo bat da, eta natur bidea hara igotzeko. Naturaz gozatzeaz gain, bizi aktiboa sustatzeko aukera izango duzu". Azkenik, auzoa eta inguruaren lasaitasuna errespetatzea eskatu dute. "Gogoratu bizilagunak urte osoan bizi direla Udalan, ingurunea errespetatzea guztion ardura da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak